"Urtero gauza berriak sartzen ditugu emanaldian"

Aritz Maldonado 2025ko eka. 7a, 11:00

Azken urteetan, Gure Zirkuak zirku klasikoaren magia zabaldu du herririk herri. Zortzigarren denboraldia Getxon hasi dute, eta Iker Galartzak zuzentzen duen zirkua Zornotzara heldu da oraintsu. Ekainaren 14ra bitartean, Nafarroa aparkalekuan egongo den karpan egingo dituzte emanaldiak.

Getxotik heldu zarete Zornotzara. Zelako harrera izan duzue?
Oso ona, egia esateko. Getxo pendiente genuen duela bi edo hiru urtetik. Hemen inguruan Diman egon ginen, Durangon eta Elorrion ere bai, eta orain Zornotza tokatzen zen jada. Zintzilik ditugunei heltzeko unea ere bada orain, urte hauek igaro ondoren. Gero Eibarrera goaz, eta, beraz, bidean geratzen zaigu. Zornotza nahiko erdigunean dago, inguruan ditu Dima, Durango eta Gernika, adibidez. Hasieran hiru asterako etorri behar ginen, baina zirkuak interes handia piztu du eta egonaldia luzatu dugu. Bikoteak, jende gaztea, familiak... deneriko jendea etorri da. Oso ondo doa.

Urteetako lanaren emaitza izango da.
Emanaldi guztiak arrakastatsuak izan dira, eta hori, esan bezala, aurretik egindako lanaren emaitza da. Penatan egon gara, pixka bat arriskatua zelako, beharbada, emanaldi bat 21:30ean jartzea. Hartara, jende heldua dator bakarrik, eta gehiago disfruta dezakete, espektakulua bere horretan goza dezakete, ikusi eta barre egin, umeen arduraz egon beharrik gabe. Baina mundu guztiak daki zirkura etorri daitekeela, gazteek, aitona-amonek... 

Hainbeste denboraldiren ondoren, gogotsu jarraitzen duzue?
Erraza da aukera asko dagoelako, baina zaila aldi berean, denekin ezin delako ondo geratu. Logika batekin antolatu behar da bira, zentzuz mugitzeko. Iaz, Lekeition gaixotu egin nintzen, eta ez nuen gozatu; beraz, arantza hori geratu zitzaidan. Lan egin behar da, bai, baina disfrutatu ere bai, noski. Eta ez da erraza. Zortzi hilabetean gabiltza atzera eta aurrera, denak emanda, eguraldi ona zein txarra egin, euria, haizea, lokatza... Eta etxeko erosotasunik gabe, baina pozik gaude, gogotsu eta hasierako ilusioarekin.

Ez da erraza izango etengabe berrasmatzea.
Pentsa, duela bi urte Elorriora etorri zena Zornotzara badator, ez du orduko ezer ikusiko; urtero saiatzen gara gauza berriak sartzen. Dekoratuak bi urtez mantentzen ditugu gutxi gorabehera, lan handia eskatzen dutelako; adibidez, iazko pailazoen sketxetako bat mantentzen dugu, iaz gaixotu eta gero ez nuelako behar den beste disfrutatu. Beste guztia berria da.

Harremana sendotuko zenuten hainbeste urtean. 
Onerako eta txarrerako, beti esaten dut. Baina elkar ezagutzen dugu, eta ikasi egiten dugu. Hemen hasi ginenetik, taldekideek umeak izan dituzte, elkarrekin ospatzen dugu, gureak balira bezala. Topiko bat da, baina elkarbizitzarekin familia bat osatu dugu. Elkarbizitza da, elkarrekin bizi garelako.

Zirkua egiteko beste modu bat erakutsi duzue, euskaraz.  
Euskaraz, zirkua egiteko beste modu bat, animaliarik gabe. Hasi ginenean, oraindik bazeuden animaliak zituzten zirkuak, jada kentzen hasi arren. Baina guk argi genuen hori. Eta orain, betiko zirkuaren, guri umetan gustatzen zitzaigun zirkuaren itxura du, horixe delako guri gustatzen zitzaiguna; umetako hori nahi genuenez, ezin genuen beste gauza desberdin bat egin. Azkenean, tendentziak, garaiak, dantzak, antzerkiak, norberaren esperientziak kokteleran sartu eta hemen erakusten dugu. Gu ez gatoz zirkutik, baina bai kaletik, eta antzerkia, zinea, dantza eta telebista egitetik. Eta, alde horretatik, bakoitzaren onena dago zirku honetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!