Bizkaiko Batzar Nagusiei buruzko erakusketa ibiltaria hartu du Zornotzak

Anboto 2025ko mai. 30a, 13:56

Gaur goizetik aurrera ikusgai dago 'Bizkaiko Batzar Nagusiak Ezagutuz' erakusketa Zornotzako Haizeen Arrosaren plazan. Bertan egon dira, besteak beste, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria eta Ainhoa Salterain Zornotzako alkatea. 

"Gure helburua Bizkaiko Batzar Nagusien balio politikoa, soziala eta kulturala zabaltzea da, eta oso argi geratu dadila bertan hartzen diren erabakiek eragin zuzena dutela herritarrengan", azaldu du Otaduik, Batzar Nagusiek urteotan izan duten bilakaera nabarmentzeaz gainera: "Parlamentu modernoa, bizkorra eta aldaketetara egokitua izan nahi dugu, eta hori guztia dago ikusgai, batez ere, irudiz osaturiko erakusketa honetan". Ainhoa Salterain alkateak, bestalde, erakusketa jasotzearen poza nabarmedu du. "Gure lurraldeko politikan eta gizartean mendeetan zehar eragina izan duen historia luzea duen erakunde honen erakusketa herrian hartzea garrantzitsua da gure historiagaz harremana sendotzeko eta bertan hartzen diren erabakiek zornotzarrengan duten eragina ulertzeko".

'Bizkaiko Batzar Nagusiak ezagutuz' erakusketa ibiltariaren hirugarren edizioa da hau, eta uztailean, Ondarroan amaituko du ibilbidea. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!