Zapatuan, Herrian musika jaialdia egingo dute Zornotzan, BBK Live jaialdi entzutetsuaren gosegarri legez. Egun osoko egitaraua prestatu dute Zelaieta eta Zubiondo parkeetan egongo diren guneetan, eta bertan bederatzi artistak egingo dituzte emanaldiak; besteak beste, Leihotikan, VVV [ Trippin' You] eta Los Deltonos taldeek. Eguerdian ekingo diete kontzertuei, 13:00etan, eta 23:00etan amaituko dira. BBK Banku Fundazioak, Kreatibo Industriak fundazioak eta Zornotzako Udalak antolatu dute musika ekimena.
Antolatzaileen esanetan, Herrian jaialdira doazenek "prezio berezian" erosi ahal izango dute BBK Liverako sarrera; uztailaren 10ean, 11n, eta 12an izango da jaialdi entzutetsua, eta, besteak beste, Bad Gyal, Pulp eta Kylie Minogue artistek parte hartuko dute bertan.
Kritika Matrailutik
Bestalde, Matrailu gaztetxean ere kontzertuak antolatu dituzte, "enpresak kontrolatu eta instituzioen menpe dagoen" kultur eskaintzari alternatiba eskaintzeko helburuagaz. Horrela, Skabidean, La Fulla eta Txapelpunk taldeak egongo dira gaztetxean. Maiatzean 25 urte bete dira Zornotzako lehenengo gaztetxea okupatu zutenetik, eta, hori dela eta, Okupazioaren testuinguru politikoa berbaldia ere emango dute, hilaren 31n.