[ARGAZKI GALERIA] Rosa Pajuelok egin du lore eskaintza In Memorian ekitaldian

Anboto 2025ko mai. 20a, 11:00

SAC Zornoza elkarteak In Memoriam ekitaldia egin du beste urte batez. Domekan izan zen, izan ere, historialariek 1937ko maiatzaren 18a ezarri zuten tropa frankistek Amorebieta eta Etxano modu eraginkorrean hartu zuteneko data gisa. Aurtengoan, Rosa Pajuelok egin du lore eskaintza, Zelaieta parkeko In Memorian plakan. 

SAC Zornoza elkarteak udalerriko emakumeen kartzelako biktimengan oinarrituko du aurtengo oroimen ekitaldia, Rosa Velarderen eta haren hamabost hilabeteko umearen, Rosa Pajueloren historian, hain zuzen ere. Ama-alabak Zornotzako emakumeen kartzelan egon ziren preso lehenik, eta Saturrarangoan gero. Extremadurakoak ziren sortzez, eta agintari frankistek baldintzapeko askatasuna eman zietenean, amak Zornotzan geratu behar izan zuen, ez zioten-eta bere jaioterrira, La Haba de la Serenara, bueltatzen utzi. Frankistek bere sorlekutik deserriratu zuten Velarde, orduko araudiaren arabera, 250 kilometro baino gehiagora zegoen udalerri bat aukeratu eta bertan bizi behar izan baitzuen. Zornotzan egin zituen lagunak, eta gurean geratu zen bizitzen, harik eta 1971n hil zen arte. Denbora tarte horretan, Velardek behin baino ez zuen bere jaioterria zapaldu, Rosa Pajuelo alaba batzera joan zenean baino ez.. Bestalde, ekitaldian Zornotzako hainbat elkartek parte hartu dute, besteak beste, Udazken txistulari taldeak, Udabarri dantza taldeak eta Andra Mari ikastolako gurasoen abesbatzak. 

Ekitaldian hiru belaunaldiren oroimena irudikatu zuten: ondorioak zuzenean jasan zituztenena, bizitakoaren zeharkako ezagutza izan zutenena eta azken gerra zibilaren berri izan dutenena, urruneko zerbait bezala ikusi arren. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!