Euskaraldia 2025

Amamak erakutsitako aldaera

Anboto 2025ko mai. 16a, 09:30

Andoni Larreak bere bizipen hunkigarri bat partekatu du ANBOTOko irakurleekin, 2000 eta 2001. urteen bueltan, bere amama Benita Villarreali hitanoa erakusteko eskatu zionekoa.

"Nik ez nekien hika berba egiten, eta erakusteko eskatu nion. 'Zelan ez dizut, ba, erakutsiko?', esan zidan amamak. 92 urte zituen, eta burua argi-argi. Zabale auzokoa zen, Bizkargipekoa. Koaderno bategaz bere ondoan jesarri, eta adibideak planteatzen hasi nintzaion. Amama: zelan esango nuke 'Nik sagar bat ekarri dut' hitanoz?, galdetzen nion, eta berak erantzuten zidan: 'Sagar bat ekarri joat'. Eta neskari esateko bada? 'Sagar bat ekarri jonat', berak". Eta halantxik, adibiderik adibide, Larreak hainbat apunte hartu zuen, harik eta aditz-taula eratzea lortu zuen arte, bere amamaren hitano aldaeragaz osaturiko aditz-taula.

Gerora, apunteak hartu arren, ikasitakoa nogaz landu ez zeulaka konturatu zen Larrea, eta urteak joan urteak etorri, amamaren apunteak bere horretan geratu ziren. Baina zornotzarrak ez zuen sekula albo batera utzi hitanoa ikasteko asmoa, eta orain dela gutxira arte udaleko euskara teknikari izandako Rafa Ugaldegaz komentatu zuen herrian hitanoa lantzeko aukera. Horretarako, Larreak amamaren apunteekin osaturiko koadernoa erakutsi zion Ugalderi. "Rafak esan zidan esku arteko koadernoa altxor txiki bat zela, eta handik gutxira Zornotzan hitanoa lantzeko klase teorikoak eta praktikoak antolatzen hasi zen". Arrakasta lasterrera ailegatu zen, ikastaroan 20 zornotzarrek eman zuten izena eta. Istorio txikiak dira, baina euskalgintza eta herrigintza oinarri dutenak. Izan ere, Larreak eta bere amama Benitak hazia ipini zuten, eta Ugalde teknikariak bultzada eman zion egitasmoari. Ordutik hona, hitanoak lore politak ditu Zornotzan, gaur arte 20 bat lagun ibili dira-eta aldaera hori lantzen.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!