Euskaraldia 2025

"Euskaraldia hitanoz egitea erronka polita da"

Ekaitz Herrera 2025ko mai. 16a, 09:30

Ahobizi eta Belarriprest, horiexek dira Euskaraldiko rol nagusiak. Alabaina, badaude egitasmoa hitanoan trebatzeko aprobetxatu gura dutenak. Euskal Herriko hainbat batzorde eragilek eskaini dute Euskaraldia hitanoz egiteko aukera; Zornotzakoak, besteak beste. Guztira, 1.100 zornotzarrek baino gehiagok eman dute izena Euskaraldian, eta euretariko 252k hika berba egiteko asmoa agertu dute; tartean, Andoni Larreak eta Asier Bikandik. Horretarako, 'h' hizkidun txapa izango dute paparrean. 

Zornotzan Euskaraldia hitanoz egin ahal izateko aukera dago, eta halantxik parte hartuko duzue zuek. Zergaitik?
Andoni Larrea: Zornotzako hitano taldea indarra hartzen zebilen eta batzordeko kideek Euskaraldian aldaera horretan aritzea eskaini ziguten. Nahikoa zela txaparen gainean 'h' hizkidun pegatina bat ipintzea. Eta halantxik egingo dugu. Gainera, Zornotzan zazpi bat hamaikako eratu dira eta euretariko bat hitano taldekoena izan da.
Asier Bikandi: Azken finean, hitanoz berba egiteko edo hitanoa entzuteko prest gaudela adieraziko dugu. 2018tik honako edizio guztietan parte hartu dugu eta honako hau izango da hitanoz arituko garen lehenengo aldia. 

Beraz, hitanoz aritzeko erronka hartu duzuela esan daiteke.
A.L.: Bai. Niretzat, behintzat, erronka polita da. Batetik, ez nekielako hitanoz egiten, eta, bestetik, nire inguru hurbilean ez dudalako hitanoa praktikatzeko aukerarik izan. Aitak bai, hitanoz egiten zuen, baina nik ez dut halakorik izan lagun artean. Inbidia moduko bat sentitu izan dut beti. Hori dela eta, klaseak sortu genituen. Bestalde, aipatzekoa da Zornotzako bertso eskolako kideon artean hitanoz egiten dugula elkarrizketen % 80. 
A.B.: Nire kasuan, aitak bai, hitanoz egiten du. Bestalde, gogoan dut unibertsitateko ikaskideek, Elgoibarkoek, Plentziakoek, hitanoz egiten zutela. Aldi hartan, errugbian aritu nintzen eta Arratiako taldekideek hika egiten zutela dut gogoan. Neu ere ahalegintzen nintzen, baina ez neukan erraztasunik. Akorduan daukat, behin, Durangoko Azokara joan eta Labayruko postuan hitano-aditzen liburua eskatu nuela. Baina ez zegoen halakorik. Esango nuke Zornotzako hitanoari buruzko lehenengo liburua Rafa Ugaldek egin zuela (orain gutxira arte, Zornotzako Udaleko euskara teknikaria izan da Ugalde. Halaber, berak sortu zuen udalerrian hitanoa bultzatzeko taldea, 2022an). 

Horrenbestez, Rafa Ugalderen liburua duzue hitanoa praktikatzeko oinarri.
A.B.: Hiru bat urte daramatzagu hitano taldean, eta hor ibili gara batean eta bestean hau edo beste zelan esaten den galdetzen. Izan ere, Eubara ala Boroara joan, edo Arratiako jatorria duen herritarren bategaz topo egin, hitanoaren aldaerak oso ezberdinak dira Zornotzan.

Zuka edo toka/noka aritu, igartzen duzue alderik elkarrizketaren ezaugarrietan?
A.L.: Hikak hurbiltasun gehiago ematen du, konfiantza gehiago. 
A.B.: Batzuetan haserrea edo indarra adierazteko ere balio dezake: "hik zer hostia behar duk?", "Egon hadi isilik!", edo halakoren bat.  

Hitano taldean hiru urtez ibili eta gero, igarri duzue hobekuntzarik?
A.L.: Orain hiru urte ez nekien ezertxo ere; orain, apur bat berba egiten dut. Horrenbestez, hobeto egiten dudala esango nuke. 
A.B.: Nik alabak ditut eta egundo ere ez dut haiei noka egiteko ohiturarik izan. Baina, orain, lantzean behin, konturatu barik, noka irteten zait. Hori aditzak landu izanaren eragina da. Iruditzen zait eskoletan hitanoa irakastea interesgarria izan daitekeela.    

Hitano taldekoen bazkaria

Hiru urte dira Zornotzan hitanoa lantzeko taldeak eratu eta hainbat herritar aldaera hori indartzeko lanean hasi zela. Aurtengo ikasturtea amaitutzat eman dute eta hori behar den moduan ospatzeko, bazkaria egingo dute hilaren 24an, Euskaraldiaren azken txanpan, hain zuzen ere. Uranga jatetxean bazkalduko dute.

Zornotzako hitano taldean 20 bat herritar ibili dira hilero-hilero klase teorikoak hartzen. Horrez gainera, mintzapraktika egin izan dute kalean, tabernetan, "elkarregaz ardo pare bat hartu eta hitanoz berba eginda".  Aurrerantzean ere kalean hika jarraituko dutela esan dute

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!