Atenasko Nekazaritza Unbertsitateak koordinatuta, Europako hainbat eskualdetan garatzen ari diren pilotuen berri ematen ari dira bertan, besteak beste, gizarte, teknologia eta enpresa arloko soluzio berritzaileak elkarregaz topatzeko. Urkiola Landa Garapenerako elkarteak ere parte hartu du foroan, Durangaldean egindako lanetik ikasitakoa partekatzeko. Hain zuzen ere, bertako presidente Erramun Osak eta Miren Martiarena Zornotzako Udaleko zinegotziak berba hartu dute aurkezpen ekitaldian. Bi egunetan zehar, zazpi gai nagusi jorratuko dituzte parte hartzaileek, hala nola, gaitasun digitalak eta komunitatearen ahalduntzea, edota lurralde mailako gobernantza parte hartzaileei buruz jardungo dute.