Zornotzako Zelaieta zentroak Futural foroa hartuko du asteon, Europako Landako Berrikuntza foroaren lehenengo topaketa. Jardunaldiak maiatzaren 14an eta 15ean egingo dira. Bertan, landa-eremuko berrikuntzaren arloan diharduten Europako 21 bazkidek parte hartuko dute. Gizarte, teknologia eta enpresa arloko soluzio berritzaileak elkarrekin sortzea izango dute helburu, eta Atenasko Nekazaritza Unibertsitateak koordinatuko ditu (Grezia). Besteak beste, Urkiola Landa Garapenerako Elkarteak ere parte hartuko du foroan.
Jardunaldietan zehar honako ekintza hauek egingo dituzte: tailer praktikoak, berrikuntza teknologikoen erakustaldiak, politika publikoen inguruko eztabaidak, networking saioak. Orotara, zazpi gai nagusi jorratuko dituzte: gaitasun digitalak eta komunitatearen ahalduntzea, lurralde mailako gobernantza parte-hartzailea, negozio eredu jasangarrien lankidetzazko diseinua, Futuralen Soluzio Adimentsuen eta Meta-bilaketaren Plataformaren Alpha bertsioaren aurkezpena, politika gomendioen lanketa kolektiboa, landaguneetako berrikuntza onen praktiken partekatzea eta kasu pilotuen eta kanpoko eragileen arteko loturak.