Historian zehar bidegurutze izandako eremua goitik behera aldatzea erabaki du Zornotzako Udalak. Karmen kalearen zati bat, udaltzaingoaren eta Patataren artekoa, oinezkoentzako gune bihurtuko dute. Modu horretan, eremua "modernizatu" eta udalerriko erdigunea "berreskuratu" egingo dutela aurreratu du udalak: "Proiektua ez da kale baten berritze fisiko hutsa, paradigma aldaketa baino, oinezkoak, familia zornotzarrak eta jasangarritasuna protagonistak dituena", azaldu du Ainhoa Salterain alkateak. Eremua oinezkoentzat bihurtzeaz gainera, lurra aldatu eta argiztapena hobetuko dute.
Azalpenak emateko bilera
Karmen kalearen eraldaketa herritarrei azaltzeko asmoz, udal arduradunek saio parte hartzailea egingo dute maiatzaren 13an. Zelaieta zentroko aretoan batuko dira herritarrekin, 18:30etatik aurrera. Udal iturriek iragarri dutenez, zornotzarrek ekarpenak egin ahalko dituzte. Halaber, udalak informazioa banatu du etxerik etxe, herritarrek QR kodea erabilita proposamenak egin ditzaten.