Heriotza ardatz, bizitzaz berba egiteko

Aritz Maldonado 2025ko mai. 7a, 08:55

Kamikaz kolektiboa. (KAMIKAZ KOLEKTIBOA)

Kamikaz kolektiboak 'Renata' azken lana taularatuko du Zornotza aretoan; hamar urteko ibilbidean ontzen duen bederatzigarren lana da; maiatzaren 9an izango da emanaldia, 20:00etan, eta sarrerak salgai daude webgunean, 8,50 euroan. 

Hamar urteko ibilbidean, gai sakonak umoretik jorratu daitezkeela erakutsi du Kamikaz kolektiboak. Renata antzezlanak heriotza du ardatz, baina kolektiboko kideen berbetan bizitzaz berba egiten du, batez ere. "Gai sakonak eta potoloak hartzen ditugu, kasu honetan heriotza, gizarteak gai horretan duen hutsunea betetzeko eta sufrimendua aldentzeko. Gai sakona da, baina umoreak horri buruz berba egitea ahalbidetzen digu, eta, aldi berean, baita kritika zorrotz bat egitea ere", azaldu du Amancay Gaztañaga aktoreak; Gaztañagaz gainera, Iraia Eliasek, Erika Olaizolak eta Xanti Agirrezabalak parte hartu dute lan honetan.

Maiatzaren 9an izango da emanaldia, 20:00etan. Sarrerak Zornotza aretoko webgunean daude salgai, 8,50 euroan.

Kamikaz kolektiboko kideak "pozik" daude hamar urteko ibilbideagaz. "Une oro ikasten gabiltzan sentsazioa dugu. Hasiberriaren mentalitatea mantentzea oso garrantzitsua da, ikasle begirada horri eustea, eta aldi berean jakitea bizkargainean ibilbide itzela dugula", gehitu du Gaztañagak. Esate baterako, Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi lanagaz Donostia Saria irabazi zuten, eta 50 bat emanaldi egin zituzten Euskal Herrian zehar. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!