Mailari eusteko hil ala biziko partidua zapatuan

Joseba Derteano 2025ko mai. 2a, 12:00

@sdamorebieta

Amorebieta futbol taldea Lehenengo Federazio Mailatik jaitsi daiteke asteburu honetan, zapatu arratsaldean Barakaldon jokatuko duen partiduan.

Lehen Federazio Mailan, hamabi puntu —lau jardunaldi— geratzen dira jokoan, eta salbazioa bederatzi puntura dago. Amorebietak nahitaez irabazi behar du, eta jaitsieraren ertzean dauden Sestao River eta Unionistas taldeen emaitzak ere bere alde izan behar ditu. Kontua gatx dagoela esatea labur geratzea da.

Natxo Gonzalez entrenatzaileak argi du "mirari" bat behar dutela mailari eusteko, baina ez dute zailtasunei amore emateko asmorik. "Esperantza txiki horri eusten diogu eta azken unera arte borrokatuko gara. Taldea dena ematen dabil, eta, hain egoera zailean, niretzat garrantzitsua da hori", adierazi du. Bizirik egonda esperantza dagoela dio esaerak eta horri heldu beharko diote jokalariek. Horretarako, joan zen asteburuko jarrerari eustea funtsezkoa izango da. Barca B taldea 0-2 menderatu zuten etxetik kanpora, Jon Ander Amelibiaren eta Iñigo Muñozen gol banari eskerrak. Azken boladako partidurik onena jokatu zuten. Barakaldo sailkapenaren erdian dago eta ez du askorik jokoan. Gainera, ez dabil bolada onean. Azken bost jardunaldietan hiru berdinketa eta porrot bi pilatu ditu. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!