Zornotzako Udalak amaitu egin ditu Jauregizahar plaza berritzeko lanak. Inguruaren funtzionaltasuna eta irisgarritasuna hobetu dute, eta plazaren estetika eta erosotasuna berritu. Udalak egindako beste jarduketa bat inguruko landarediaren presentzia handitzea izan da: eremua hobetzeko espezieak landatu dituzte, itzala ematea ahalbidetzen dutenak. Horrez gainera, umeentzako txintxaunak berritu dituzte; auzorako sarbideei dagokienez, espaloiak zabaldu dituztela jakinarazi du udalak. Ainhoa Salterain alkatearen berbetan, plaza "herritarren beharrizanetara" egokitu dute, "pertsonen adina edo mugikortasuna edozein" izanda ere. Auzotar guztien "bizikidetza eta gozamena errazteko espazio moderno eta funtzionala" eratu dutela azpimarratu du Salterainek. Lanek 1,3 milioi euroko inbertsioa izan dute.