SAC Zornoza elkarteak udalerriko emakumeen kartzelako biktimengan oinarrituko du aurtengo oroimen ekitaldia, Rosa Velarderen eta haren hamabost hilabeteko umearen, Rosa Pajueloren historian, hain zuzen ere. Ama-alabak Zornotzako emakumeen kartzelan egon ziren preso lehenik, eta Saturrarangoan gero. Extremadurakoak ziren sortzez, eta agintari frankistek baldintzapeko askatasuna eman zietenean, amak Zornotzan geratu behar izan zuen, ez zioten-eta bere jaioterrira, La Haba de la Serenara, bueltatzen utzi. Frankistek bere sorlekutik deserriratu zuten Velarde, orduko araudiaren arabera, 250 kilometro baino gehiagora zegoen udalerri bat aukeratu eta bertan bizi behar izan baitzuen. Zornotzan egin zituen lagunak, eta gurean geratu zen bizitzen, harik eta 1971n hil zen arte. Denbora tarte horretan, Velardek behin baino ez zuen bere jaioterria zapaldu, Rosa Pajuelo alaba batzera joan zenean baino ez.
SAC Zornoza elkartearen esanetan, Velarde bezala, hainbat izan ziren sorterrira ezin itzuli eta deserrian bizitzera behartutako emakumeak. Gainera, zehaztu dutenez, Velarderen senarra, Manuel Pajuelo, ez da oraindik agertu. Haren gorpua Cerro de Magacela mendiko hobiren batean egon daitekeela uste dute (Extremadura). Rosa Velardek gogor egin behar izan zuen lan, bost umeko familia aurrera ateratzeko. Karameluak saltzen eta joskintza lanak egiten biziraun behar izan zuen.
Baita berbaldia ere
Oroimen ekitaldia ez da SAC Zornozak antolatuko duen ekitaldi bakarra izango. Egun batzuk lehenago, maiatzaren 15ean, elkarteak Euzkadi en ruinas liburuari buruzko berbaldia antolatu du. Liburuaren egilea Josu Santamarina Otaola historialaria da, eta berak eskainiko du berbaldia.
Horregatik guztiagatik, SAC Zornoza elkarteak In Memorian oroimen-ekitaldiaren edizio berria egingo du maiatzaren 18an. Bertan, Rosa Pajuelok, Rosa Velarderen eta Manuel Pajueloren alabak egingo du lore-eskaintza.