San Migel kalean beste pitzadura bat sortu da eta udalak segurtasun neurriak errespetatzeko eskatu die herritarrei

Anboto 2025ko api. 16a, 13:10

Zornotzako Udalak dioenez, seinaleak jarrita dauden arren, "pertsona batzuk eremu arriskutsura sartzen ari direla atzeman da, eta horrek arriskua sortu dezake".

Joan den martxoaren 14an Zornotzako Udalak San Migel kaleko zati bat itxi zuen, Jauregizahar auzoaren parean, zuloa sortu zelako. Errepidearen azpian dagoen ganga baten arazo batek eragin du zuloa, eta horrek kalearen hondoratze-arriskua dakar. Ganga horretatik San Martin erreka igarotzen da. "Gaur egun, hondoratzeak eragindako zatiak itxita jarraitzen du, eta sarrera guztiz debekatuta dago, lurzorua oraindik ezegonkorra baita eta benetako arriskua suposatzen baitu herritarrentzat". Horren harira, Zornotzako Udalak herritarren lankidetza eskatu du San Migel kalean segurtasuna bermatzeko. Izan ere, seinaleak jarrita dauden arren, "pertsona batzuk eremu arriskutsura sartzen ari direla atzeman da, eta horrek arriskua sortu dezake". Horrela azaldu du udalak prentsa oharrean. Horregatik, udalak zornotzarrei "bertara ez hurbiltzeko eta hesitako perimetroa ez gurutzatzeko" eskatu die.

Asteburu honetan, gainera, beste pitzadura bat agertu da kaltetutako eremuan, eta, ondorioz, zorua gehiago hondoratu da. Egoera hori gehiago zabaldu daiteke, horrenbestez, segurtasun-perimetroa errespetatzea eta hesitutako eremura ez sartzea eskatzen zaie herritarrei.

Azpiko gangaren konponketa
Udala "etengabe" lanean ari da egoerari behin betiko irtenbidea emateko. Lehenik eta behin,
kalteturiko zatia itxi eta trafikoa antolatu zuen berriro, autobus geralekuen aldaketa barne. Ondoren, udaleko zerbitzu teknikoek azterketa sakona egin zuten, eta San Martin erreka igarotzen den harrizko gangaren kolapso partziala baieztatu zuten. Egiturazko narriadura horrek galtzadari zuzenean eragiten dio, eta inguruan uholde-arriskua areagotu dezake, batez ere eurite handiak direnean. Txosten horiek esku artean izanik, udalak larrialdi bidezko konponketa proiektu baten kontratazioa izapidetu zuen. Ingeniaritzako enpresa esleipendunak egituraren egonkortasuna eta bidearen segurtasuna bermatuko dituen irtenbide tekniko bat zehazteko lanean hasi da jada. Horrez gain, URA Uraren Euskal Agentziarekin lankidetzan dihardute, eta agentzia honek azken proposamena baliozkotu beharko du konponketa-lanak hasi aurretik.

Bien bitartean, Udalak gogorarazi du kalea ixtea segurtasun irizpideei jarraituz egin dela. Beheko pasagunea ez da irisgarria, eta zuloaren ingurura hurbiltzea arriskutsua izan daitekeela. Horregatik, udalak bizilagunei ezarritako hesia errespetatzea eskatu die, euren segurtasunagatik eta baita garatzen ari diren lanengatik ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!