Badirudi Euskal Telebistako Herritxiki telebista saioko kideak Durangaldeari gustua hartuta dabiltzala azkenaldian. Duela egun batzuk, telebista saioko lantaldea Izurtzan egon zen hango herritarrak elkarrizketatzen eta frontoiko grabaketa egiten. Oraingoz, Izurtzako saioak ez du emisio-data jakinik, baina programako iturriek jakinarazi dutenez, ETBk ekainaren hasieran emitituko du saioa.
Alabaina, Izurtzako saioa baino lehen, Boroakoaz gozatu ahalko dute ikus-entzuleek. Badira aste batzuk telebista saioko kideak Zornotzako auzora hurbildu eta hango herritarrak ezagutzen ibili zirela. Orain, emaitza ikusteko ordua ailegatu da: apirilaren 20an, domeka, Boroari eskainitako Herritxiki ikusi ahal izango da ETB1en. Emanaldia 22:00etan hasiko da.
Telebista saioko iturriek jakinarazi dutenez, Mikel Pagadi eta Miren Nogales aurkezleek honako boroar hauek elkarrizketatu dituzte: Jon Ander, Josefina, Ibai, Urtain, Javier eta Inazio.