Europako irizpideetara egokitu dute zabor tasa

Anboto 2025ko api. 9a, 09:10

Zornotzako azken osoko bilkuran aho batez onartu zuen hondakinen tasa %26 igotzea; "Zaborrik gehien sortzen dutenak gehiago ordaintzea" da proposamenaren helburua; uztailean sartuko da indarrean tasa berria.

Aurtengo bigarren seihilekotik aurrera, hondakinak batzeari dagokion tasa berria ordainduko dute zornotzarrek. Martxoko osoko bilkuran, tasen eguneraketa Europako irizpideei egokitzea onartu zuten, aho batez; hain zuzen ere, 2008/98/EE Zuzentarauari lotuko zaio orain, hondakin kopurua murriztu eta birziklapena sustatzeko asmoagaz. "Tasa ahalik eta bidezkoena izan dadin lan egin dugu. Leioan, adibidez, % 50eko igoera ezarri dute, eta 132 euro ordaintzen dute; Galdakaon % 69,9 igo da, eta urtean 113,36 euro ordaintzen dute, etxebizitza guztiei modu berean tarifa laua aplikatuta. Zornotzan, 'gehien sortzen duenak gehiago ordaintzen du' printzipioari jarraitzen diogu, eta tasa modu objektiboan eta ekitatiboan diseinatu dugu, etxebizitza bakoitzean erroldaturiko pertsona kopurura egokitu dadin", azaldu du Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak. Zornotzaren kasuan, % 26 igoko da tasa; batez beste, zornotzarrek 98,89 euroko ordainagiria ordaindu beharko dute urtean. Salterainen berbetan, udalak 1.594.174,77 euro batuko ditu tasa berriagaz, eta, horri eskerrak, hondakinak biltzeko zerbitzua ez da defizitarioa izango. Ordenantza berria lantzeko, udalak Diego Francisco Marin-Barnuevo Fabo eta Cesar Martinez Sanchez UAMeko Toki Zuzenbideko Institutuko katedradunen aholkularitza izan du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!