Amorebietak jokalarien eta zaleen arteko batasunean aurkitu gura du larria den egoerari aurre egiteko errezeta. Horrela, klubak sare sozialetan iragarri duenez, domekan Urritxen jokatuko den partidura begira, bazkide bakoitzak doako sarrera bat izango du eskura, beste pertsona bat partidura gonbidatzeko. Partidua Real Sociedad B taldearen kontrakoa da eta 17:30ean hasiko da.Gonbidapenak jasotzeko azken eguna gaur da klubeko dendan. Gaur honako hau da dendako ordutegia: 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
"Urritxe bete behar dugu taldeari garaipena lortzen laguntzeko. Guztion bultzada ezinbestekoa izango da", eskatu dute klubeko arduradunek. Laguntza dena ondo etorriko zaio estu eta larri dabilen taldeari. Liga amaitzeko zortzi jardunaldiren faltan, Amorebieta Lehenengo RFEF Mailako azkeneko tokian dago. Lau jardunaldi daramatza irabazi barik. Egia da euretako hiru berdinketak izan direla, baina zulotik irteteko hirunaka batu behar ditu puntuak.
Real Sociedad B laugarren sailkatua ere ez dago urteko sasoirik onenean. Azken bost partiduetan ez du irabazi eta hiru porrot jaso ditu.