Osa+Mujika Jaiotz Osaren eta Xabier Mujikaren arteko topaketa artistikoa da. Jantzigintza eta eszenografia dantzagaz batu, eta bertan mundu bakarra sortu dute. Hain zuzen ere, estilo propioa da euren lanen ezaugarri nagusietariko bat. Lanaren kulturan sakondu dute euren bosgarren sorkuntza den Lana obran. "Lan honek urtebeteko aurrelana izan du, adibidez; eta pentsa, lanaren % 50 baino dezente gehiago da sorkuntza ez dena", nabarmendu dute.
Urte hasieran estreinatu duzue lana. Pozik?
Egia esan, pozarren gaude izandako harreragaz. Kontziente ginen oso gai unibertsala hartu dugula, gure esperientziatik abiatuta, nola arte eszenikoetan zenbat kentzen digun lanak, gure bizitza kolokan jartzeraino, baina gero konturatu ginen oso orokortua dagoen kontua dela. Ikusleek gaiagaz ondo konektatzen dutela ikusi dugu; oso harrera ona izan du eta denak bat egiten ari dira lana uzteko gonbitagaz (barrez). Pozik gaude, egia esan.
Afizioa ofizio bihurtu eta gero, neketik sorturiko obra da 'Lana'. Hala ere, pozik zaudete emaitzagaz. Deigarria egin zait hori.
Bai, guretzat ere horrela izan da. Sorkuntza lanagazko neke horretatik sortu genuen, lana utzi gura horretatik ekin genion piezari, iazko urte hasieran. Eta lehengo sustrai hori landatu genuenetik urte bat igarota, alde positibo gehiago bilatu diogu. Kontziente gara ogibide gogorra dela gurea, eta pozgarria da honetan lan egin ahal izatea; orain zentratu gara horietan. Baina dinamika gatx horietan murgiltzen hasi gara berriro. Oso gatxa da estreinaldi bat aurrera eramatea, saioak lotzea... Lan handia egin behar da diru laguntzak lortzeko, eta gero zain egon behar izaten dugu horiek jasotzeko. Hori dena hor dago, baina obra honek lagundu egin digu alde positiboetan apur bat gehiago zentratzen.
Eszenografiari, jantziei eta iruditegiari garrantzia ematea da zuen berezitasunetariko bat.
Identitate estetiko propio bat dugu, eta horrek lagundu egin digu hau garatzen. Beharbada, beste dantza edo antzerki konpainiek barruko lan guztia garatzen dute lehenengo, eta estetika geroko uzten dute; gure kasuan, mundu biak hasieratik daude hor.
Lana izan arren, sorkuntza lan hori izango da alderik erakargarriena.
Dudarik barik. Estudioan gaudenean, soilik sorkuntzara begira, horixe disfrutatzen dugu gehien. Nekea eta frustrazioa beste aldetik datoz. Azken finean, konpainia txikia gara, eta dantzak edo koreografiak lantzeaz gainera, posta elektronikoak bidali behar ditut, ateak jo, telefonoetara deitu, ezetzak jaso, diru laguntza eskaerak egin... gauza asko. Eta horiek neke handia sortzen dute. Nire esku balego, bihar bertan hasiko nintzen zeozer berria sortzen. Azken finean, sortze prozesu hori eta emanaldiak dira aurrera jarraitzeko indarra.
Ia hogei emanaldiko bira duzue. Dantza garaikidea bazterretik irteten dabil?
Ez da ohikoa hainbeste emanaldi izatea, eta ondo dakigu hori. Asko disfrutatzen gabiltza, ez dakigulako berriro gertatuko den. Gure helburua estreinaldia egitea zen, eta ordurako gainerako datak ere lotuta izatea; orain artean, estreinatu ostean joaten ginen bira egituratzen. Orain aurrelan hori handitu zaigu, eta lortu dugu. Baina ez da ohikoa, dantza garaikidea periferiako zeozer delako oraindino. Kostatu egiten da programatua izatea, eta baita antzokia betetzea ere. Euskal Herrian badaude dantza garaikideari tartea egiten dioten antzokiak, sinesten dutenak dantza garaikideak ere egon behar duela programazioan. Guk lan handia egiten dugu dantza garaikidea arrotza izan ez dadin eta mezuak ulergarriagoak izan daitezen. Kontzienteak gara gurea arte arrotza dela, eta, horregaitik, lan handia egiten dugu publikoarengana hurbiltzeko. Dantza garaikidean asko begiratzen da barrura, zer egin gura dugun, zer sortu gura dugun, baina jendea antzokira joatea gura badugu, ikusle horiek ere kontuan izan behar ditugu; bestela, nitxo izaten jarraituko dugu. Askotan dantza adituentzat dantza egiten dugu, eta irten egin behar dugu hortik; bestela, ez da aurrerapausorik egongo. Geure eskura dagoen lana egin dezakegu, baina asko geratzen da egiteko hezkuntza aldetik, eskoletan eta. Guk bakarrik ezin dugu antzokietara dantza garaikidea ikustera joateko ohitura sortu.
Izaro Andres musikari mallabitarragaz lan asko egin duzue azken sasoian. Musikariak garrantzia ematen die koreografiei?
Izarogaz Cerodenero proiektuagaz hasi ginen lanean, 2023an, koreografiak sortzen. Guretzat oso erronka polita izan da. Lanerako beste estruktura batzuk dira, beste ekipo batzuk, beste lan bolumen bat... Ederra izan da. Bideoklipekin hasi ginen, eta, izandako harrera ikusita, bere biran dantzari bi sartzea erabaki zuen Izarok. Gu ohituta gaude gehienez 100 lagun biltzen dituen emanaldietara, eta bat-batean 1.000 lagun guri begira ikustea eder-ederra izan da. Eta beragaz lan egitea oso polita da. Gabonetako diskoaren estetika ere landu dugu beragaz. Euskal Herriko musikak eraldaketa handia izan du; orain garrantzi handiagoa ematen zaio estetikari. Koreografiak eta eszenaratzeak indar gehiago dute, eta dantza asko ikusten da eszenan. Egia esan, gero ez da erraza ikuslea berariaz antzokira dantza emanaldi bat ikustera erakartzea. Ea geroago posible den.