Zornotzako txapelketak euskal karateak bizi duen sasoi ona islatuko du domekan, 140 parte hartzailegaz

Anboto 2025ko mar. 26a, 13:16

José Manuel Colás Mosquera Euskadiko Karate Federazioko presidentea, Ainhoa Salterain Zornotzako alkatea eta Iñigo Calvo Ukabidea klubeko ordezkaria gaurko aurkezpenean.

Amorebieta IV pilotalekuak master mailako Euskadiko txapelketak hartuko ditu.

"Euskadin karatea historiako momenturik onenean dago". Berba horiekin hasi du gaurko bere agerraldia José Manuel Colás Euskadiko Karate Federazioko presidenteak eta Zornotzako ekimena ipini du adibide moduan. Domeka honetan master mailako Euskadiko Karate Txapelketa hartuko du Amorebieta IV pilotalekuak eta 140 karateka baino gehiago batuko ditu.

Lehiaketa 10:00etan hasiko da eta modalitate bi izango ditu: Kata eta Kumite. Parte hartzaileak 35 eta 71 urtera artekoak izango dira. Sarrera doakoa da.

Euskal karatearen "sasoi onaren" arrazoiak

Colasek euskal karatearen "sasoi ona" islatzen duten hainbat datu eman ditu. Batetik, joan zen asteburuan, maila absolutuko Espainiako Karate Txapelketan, "errekor historikoa" lortu zuten euskaldunek. "Domina-zerrenda orokorrean hirugarren geratu gara eta banakako domina-zerrendan bigarren". Bada zerbait 2.200 lizentzia dituen federazioarentzat, Madrilgoak, esaterako, 20.000tik gora dituenean.

Kalitatean ez ezik kantitatean ere aurrerapausoak eman dira. Esaterako, emakumeen parte hartzea sustatzen "ahalegin berezia egin dute", Colasen esanetan. Azterketa batek hutsunea non zegoen erakutsi zien: 15-16 urtera heltzean neskek utzi egiten zuten karatea. Horri aurre egiteko teknifikazio programak sortu zituzten eta emaitza "onak" eman ditu. Horren adibide da datu hau: Zornotzan 40 emakume baino gehiago ariko dira, lehenengo aldian bi besterik izan ez zirenean. Ainhoa Salterainek ere emakumeen parte hartzea nabarmendu du. "Udal honek genero berdintasuna sustatzen duten kirol jarduerak bultzatzeko konpromiso irmoa du eta lehiaketa hau konpromiso horrekin bat dator".

Karatearen gorakada esplikatzen duen hirugarren arrazoi bat honako hau da: master txapelketei esker, kirola utzita zuten karatekak tatamira bueltatu dira. "Orain umeak eta gazteak baino kirolari gehiago daude klubetan", dio Colasek. Zornotzako Ukabidea kluba da garapen horren adibide. Hilabete honetatik aurrera adin guztietako jendeari atea ireki diote. "Federazioak animatuta, burubelarri sartu gara honetan. Edozein adinetan egin daitekeen kirola dela uste dugu eta herritarrak probatzera gonbidatzen ditugu", adierazi du Ukabideako kidea den Iñaki Calvok.

Bizkaiko txapelduna Euskadikoaren bila

Une honetan 100 karatelari dituzte Ukabideak klubean, ia denak 4-21 urte artekoak. "Asko hazi gara eta klubak osasun ona du", dio Calvok. Hain zuzen, Calvo da klubeko beteranoa eta Zornotzako txapelketan parte hartuko duen ordezkari bakarra, Master-60 kategorian. Oraintsu, kumitean Bizkaiko Txapelketa irabazita, Euskadikoan beste hainbeste lortu gura luke, baina itsutu barik. "Irabaziz gero ederto, baina sortzen den giroa da gehien gustatzen zaidana. Laguntasun handia dago denon artean", nabarmendu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!