Pelikulak Pello Mari Otaño (Zizurkil (Gipuzkoa), 1867 - Rosario (Argentina), 1910) bertsolariaren bizitza eta lana berreskuratzen ditu; Otañok hainbat bider emigratu zuen Argentinara, eta arrasto sakona utzi zuen han. Hain zuzen ere, ekoizpena auzolanean egin dute, herrialde amerikarreko eta Euskal Herriko herritarren artean. Emanaldia auzolanean parte hartu zuten herritarrentzat da; dena dela, gainerakoek ere ikusi ahal izango dute, egunean bertan auzolankide eginez edota eguneko sarrera ordainduta; lehenengo kasuan, 10 euro ordaindu beharko dute; bigarrenean, hiru euro. Pelikulak Pello Mari Otaño bertsolari zizurkildarraren bizitzako zenbait pasarte batzen du. Zizurkilen bertan proiektatu zuten lehenengoz, eta ordutik Euskal Herriko beste hainbat tokitan eman dute. Otaño oso garrantzitsua izan zen, bai bertsolaritzan bai euskalgintzan. Bertsolari familia batean sortua, lan handia egin zuen bertsoak sortzen eta bertsolaritza biziberritzen. Hain zuzen ere, pelikula hau egitearen helburuetariko bat Otañoren bizipenak ahalik eta jenderik gehienari hurbiltzea da, Zornotzako Udalaren berbetan.