Zornotzako boulder-rokodromoan hainbat hobekuntza egin ditu udalak

Anboto 2025ko mar. 19a, 13:59

Zoruko koltxoneta berritu dute eta presa berriak jarri dituzte.

Argiztapena eta segurtasuna hobetu ditu, besteak beste.

Berriki, Zornotzako Udalak hainbat hobekuntza lan egin ditu kiroldegiko boulder-rokodromoan, "espazioa eta bertako azpiegiturak indartzeko zein segurtasuna areagotzeko", ohar batean azaldu duenez.

Lan hauetan egindako inbertsioa 7.000 eurokoa izan da. Egindako lanen artean, espazioaren argiztapen-sistema optimizatzea eta bertako materiala berritzea dira aipagarrienak. Esate baterako, argi-puntu berriak jarri dira eta, zoruko koltxoneta berritu da, lurraren eta boulder-rokodromoaren hormen artean hutsunerik gera ez dadin. Era berean, presa eta hainbat armiarma berri jarri dira, eskalatzaileen beharretara egokitutako ekipamendua bermatzeko. Horrez gain, zurez estali dira metalezko hainbat egitura, indarrean dagoen legedia betez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!