‘Señeak Bizkaia Rock Kanpusa’ jaio da gazteen talentu musikala bultzatzeko

Anboto 2025ko mar. 5a, 10:16

Bost eguneko egonaldian lehen mailako euskal artistekin ikasteko aukera izango dute aukeratutako 20 ikasleek. Egonaldiak Zornotzako Lauaxeta Ikastolan egingo dira.

Bizkaiko gazte musikarien talentua bultzatzeko helburuarekin jaio da Señeak Bizkaia Rock Kanpusa. Atzo aurkeztu zuten ekimena. Ekimen honetan Bizkaiko Foru Aldundiak Gatibu taldeko kideak diren Alex Sardui eta Ekain Alzolarekin bat egin du musika ikasle gazteen egonaldietan parte hartu dezaten.

Señeak Bizkaia Rock Kanpusa Lauaxeta ikastolan izango da apirilaren 21etik 26ra. Hautatuak izan direnek klase pertsonalizatuak jasoko dituzte lehen mailako euskal artisten eskutik, eta beren ikaskideekin musika estiloak praktikatzeko eta fusionatzeko aukera ere izango dute.

“Musikaren bidez gazteen garapen integrala sustatzea da gure helburua. Tresnak ematea, sormena, talentua, trebetasun sozialak, talde-lana eta pentsamendu kritikoa sustatzeko” azaldu zuen atzoko aurkezpenean Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiak. Alex Sardui abeslariaren ustez horrelako ekimenak "ezinbestekoak" dira: "Musika munduan bizi garenok egunero ikusten dugu gazteen artean harrobia dagoela, baina ibilbide formaletatik kanpo profesionalki hazteko eta ikasteko aukera gutxi daude", esan zuen.

Bestalde, Aitor Pagaldai Lauaxeta ikastolako zuzendariak gaineratu zuenez “Lauaxeta ikastolarenzat Señeak Bizkaia Rock kanpuseko parte izatea guztiz bat dator ikastolaren hezkuntza helburuekin. Bizkaiko nerabeentzako kultura, musika, kalitatezko aisia eta taldea lana uztartzen dituen kanpusa ekimen bikaina dela uste dugu eta gazteek behar dituzten kalitatezko aisi aukerekin bat datorrena.”

Online izen-emateak

Deialdia musika ikasketak edo musikarako trebetasuna duen edozein gazte bizkaitarrari zabalik dago, eta izena emateak www.seneak.eus webgunearen bidez egin ahal dira martxoaren 25era arte. Minutu gutxiko bideo bi bidali beharko dituzte gazteek euren burua aurkeztuz eta talentua erakutsiz. Ondoren, artista ezagunez osatutako epai-mahaiak 20 gazte aukeratuko ditu.

Esperientzia erakargarria nerabeentzat

Bost gau eta sei eguneko egonaldiak Zornotzako Lauaxeta ikastolan egingo dira. Ordutegia 09:00etatik 18:00etara izango da; goizez klase instrumentalak eta teorikoekin, eta arratsaldez talde-entseguak, jolas-jarduerak eta arte-sorkuntzako tailerrekin.

Egonaldia zati bitan banatuta egongo da; eguneko lehen partean ikasteari ekingo diote (teoria musikala, praktika instrumentala, sorkuntza artistikoa...) eta arratsaldetik aurrera aisialdiko ekintzak egingo dituzte (irteerak, kirol ekimenak, taldelaneko proiektuak).

Ikaskuntza musikala euskal sortzaile eta musikari ezagunen eskutik jasoko dute, eta artisten bisitak ere izango dituzte. Arratsaldeko aisialdi eskaintza, berriz, Lauaxeta ikastolako begiraleen eskutik izango da. Kanpusaren azken egunean partaideek doako kontzertua eskainiko dute Zornotza Aretoan. Bertan, ikasitako guztia erakutsiko dute ikusleen aurrean.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!