"Lehenengo lan hau oso biografiko geratu zaidala uste dut"

Aritz Maldonado 2025ko mar. 2a, 10:30

Eider Etxeandia 'Heitxi' musikari zornotzarrak 'Berreraikitze aroa' aurkeztuko du, martxoaren 7an, Zornotza Aretoan, etxekoen eta herrikideen artean; emanaldia 20:00etan hasiko da; bere lehenengo lan luzea da eta "urduri baina pozik" dago aurkezteko.

Eider Etxeandia 'Heitxi'-k lotura estua du musikagaz, baina hau bere lehenengo aukera izan da bere proiektu pertsonal batean parte hartzeko. Bere lehenengo disko luzea, Berreraikitze aroa, Urdulizko (Bizkaia) Gaua estudioetan grabatu du. Baga Biga diskoetxeagaz kaleratu du lana. Zuzenekoetan boskote formatuan arituko da; Onditz Ugarte, Ane Falgan, Urtza Jauregi eta Garazi Arriaga musikari gazteekin batera igoko da taula gainera. Zornotzarrak doinu elektronikoekin uztartu ditu trikitia eta panderoa, eta, doinu zein letra aldetik, sentimendu desberdinak pizten dituen bidaia bat proposatzen du, argiagoa edo ilunagoa dena momentuka.

Zer dakar 'Berreraikitze aroa' lanak?
Intro bat eta bederatzi abestiz osaturiko diskoa da; beraz, nahiko luzea lehenengo lan bat izateko. Batez ere, orokorrean, izateak berreraikitzeko momentuari buruz berba egiten dut; uste dut oso biografikoa geratu dela, eta bizitzan zehar aurkitu ditudan esperientzia desberdinek nire izatearen aldaketan izan duten eragina ere badago. Abesti desberdinak daude, baladak daude, abesti dramatikoak ere bai, baina dantzan egiteko abestiak ere badaude. Bizi izandako momentuaren arabera sortu ditut abestiak. Ez dago estilo finko bat, elektronika dago, euskal musika tradizionala ere bai, trikitia eta panderoa ia abesti guztietan ageri dira. Diskoak pop ikutu bat ere badu, kontzienteki egin ez dudan arren; igarri egiten da nik zer musika mota entzun izan dudan. Ahizpak eta ingurukoek diskoa entzun dutenean, hori esan didate behintzat. 

Musikalki ere egin duzu berreraikitze bat doinu tradizionalagoetatik garaikideagoetara?
Musikagaz argi izan dut, zelanbait, orain gertatzen dabilen aldaketa hori kontuan hartu gura nuela, baina beti ere kontuan izanda nondik gatozen. Nik nahiko presente izan ditut musikan bai trikitia eta baita panderoa ere, eta horri eutsi gura nion. Garaikidearen eta tradizionalaren arteko lotura horri eutsi gura nion.

Diskoan hainbat kolaborazio izan duzu; tartean, Ines Osinagarena. Bere sasoian, berak ere egin zuen mundu bi horiek batzeko ahalegina.
Estudioan sartu nintzenean segituan hasi nintzen Gose taldearen eta Inesen kantak entzuten, uste nuelako momentu hartan aitzindariak izan zirela horrelako zerbait sortzen. Hortik abiatuta, Ines Osinagaren bakarkako proiektua ere nahikotxo jarraitu dut, eta horrek animatu egin ninduen beragaz hartu-emanetan jartzera. 'Ni ez nau inork ere ezagutzen' esaten nion neure buruari, 'kolaborazioa eskatu eta antzarak ferratzera bidaliko nau'. Nire ahizpak proiektuaren nondik norakoak azaltzeko idatzi zion, eta segituan erantzun zuen baietz, abestia entzun barik! Super ondo. Liherregaz (Libe Hernando) ere berdin. Lehenengo diskotik jarraitu dut, nire ahizpak erakutsi eta gero, nahiz eta ez den % 100ean nik egiten dudan estiloan mugitzen, baina Liherren disko guztiak irentsi ditut, eta baita Bele bere bakarkako proiektuaren diskoa ere. Uste genuen garrantzitsua zela lehenengo lanean kolaborazioak izatea, baliagarriak izan daitezkeelako gure musika zabaltzeko. Hor ere ahizpak lagundu zidan. Liherri idatzi, eta hark ere baietz esan zuen, abestia entzun barik.

Diskoaren sortze prozesuko une zoragarri bi iruditzen zaizkit horiek. Jendeak estrategiak izaten ditu euren lanak kaleratzerakoan, eta horregaitik uste nuen ez nuela enkajatuko eta ezezkoa jasoko nuela. 

Martxoaren 7an zuzenean aurkeztuko duzu. Gogotsu?
Gogotsu, bai, baina orain urduri ere banago. Alde batetik, motibatu egiten nau etxean hasteak. Baina, beste alde batetik, horrek presioa ere eragiten dit; ezagunen iritziak eragina du nigan. Urduri nago, gauza asko erakutsi gura dudalako, baina gogotsu nago. Azken ikutuak ematen gabiltza. 

Banda osatu duzu zuzenekoetarako.
Taldean bost emakume musikari izango gara. Hasieratik argi nuen banda bat osatu gura nuela, musikariekin, zuzeneko organiko bat gura nuelako. Oholtza gainean denak emakumeak izatea polita izango zela uste nuen, eta beharrezkoa. Emakumezko asko dago musika-tresnak jotzen dituztenak, baina gatxagoa da topatzea. Emakumeak eta gazteak batu gura nituen. Horrela hasi ginen, Zornotzan bertan topatzen. Erromeria talde batean ere banago, eta hortik hasi ginen. Musika Eskolan ere galdetu nuen; udan, Gernikako Mikosis taldeagaz jo genuen, pare bat bider, eta asko gustatu zitzaidan Garazik bateria zelan jotzen duen. Galdetu, eta prest agertu zen.

Umeentzat ere ondo dago erreferentziak sortzea, jakina; eszenatoki gainean, telebistan edo bestelako espazio publikoetan emakumerik ikusi ezik, beti da gatxagoa.  

Iratxe ahizpagaz hartu-eman sendoa duzu, eta hasieratik egon da proiektuan. Zer da musika zuentzat?
Iratxe eta biok puntu batera heldu gara, zeinetan musika bizitzako momentu desberdinak eta sentimenduak kudeatzeko erreminta bat den. Osatze metodo bat da guretzat. Mundu guztiarentzako ere berdina dela uste dut, baina momentu bakoitzean musika estilo desberdinak entzuten ditugu; pozik gaudenean abesti alaiak entzuten ditugu, eta triste gaudenean tristeagoak, eta esango nuke horregaitik dela, momentu desberdinak kudeatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!