"Geroago eta maitatuago sentitzen naiz Zornotzan"

Aitziber Basauri 2025ko ots. 28a, 12:00

Las Vegastik (AEB) Zornotzara etorri da Perubele, inauteriak sorterrian ospatzeko. Gaur ere, hitzorduari hutsik egin barik, alkandora hawaiiarra jantzita aurkeztuko da jendaurrean, ume zein nagusiak jai giroaz gozatzera gonbidatzera. Aitor Ormaetxea Piru (Zornotza, 1970) du laguntzaile leiala. 

Urteroko hitzorduari hutsik egin barik heldu zara Zornotzara.
Bai! Artzain lanetan hastera joan nintzen aspaldi Amerikara, baina Las Vegasen amaitu nuen. Ez naiz Amerikatik aberastuta bueltatu ziren euskaldun haien eredu. Parrandazale fama izan dut beti, jai giroa gustatzen zait. Batez ere, Zornotzako inauteriak. Ba, 20 urtetik gora dira urtero migrazioa egiten dudala Las Vegastik Zornotzara, inauterietan. Gero, berriro bueltatzen naiz Las Vegasera. Oso ondo bizi naiz han! Zornotzako enbaxadorea naiz han.

Ondoetorri beroa egiten dizute zornotzarrek?
Bai! Baina hasierako urteetan nahiko krudelak izan ziren. 

Erre egiten zintuzten.
Gaizkiletzat hartu ninduten, baserri eta ortuetan lapurretan egiten nuelakoan. Zegoen lekutik hartu baino ez nuen egiten, Belatxikietan ipinitako arrautzaren inguruan ipintzeko. Epaitu ondoren, surtan erretzera zigortzen ninduten. Baina enpatia sentitzen hasi ziren, eta gero maitatuago sentitu naiz. Parrandazalea baino ez naizela konturatu dira, eta geroago eta lagun gehiago ditut. Markeli eskerrak, mokoa eta hegoak mugitzen ditut, eta Mikelek galako trajea egin zidan. Hamar bat urte dira ez nautela erretzen, su artean agurtzen naizen arren.  

Zelan bizi ditu inauteriak Perubelek?
Oso pozik! Jai giroan. Barikutik martitzenera giro itzela sortzen da herrian, eta jende asko ikusten dut mozorrotuta. Etorri gura dutenek Zelaieta zentroan aurkituko naute. Askok nirekin argazkiak atera gura izaten dute.

Zorhontza duzue jaietan, Etxanoko hockey taldearen maskota Mirua da, eta inauterietan zu.
Denak hegaztiak! Ala txoriburuak? 

Arau sozialak baztertzeko eta gehiegikerietarako egunak ei dira inauteriak. Iritzi horretakoa zara?
Urtean zehar hainbat mozorro erabiltzen dugu, askotan beharrezkoak diren mozorrak. Ba, horrek bazter batean itzi eta norberak gura duen mozorroa, benetakoa, janzteko aukera ematen dute inauteriek. Hori egitera animatu gura dut, jaiaz gozatzera eta ondo pasatzera. 

Inauteriek loraldi bat bizi dutela diote. Zer uste duzu?
Esango nuke indarra hartzen hasi direla berriro. Nik neuk ez dut inoiz ere hutsik egin. Ezta pandemia sasoian ere. Herria hutsik topatu nuen, baina gaiteroek harrera egin zidaten. Perubeline izeneko bideoa ere egin genuen. 

Zein da zabaldu gura duzun mezua?
Gure txikitasunean handiak garela. Bizi bat dugu eta topera bizi behar dugula, ume zein heldu izan. Esango dutenari kasurik egin barik, bizi dezagun momentua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!