Segurtasun zaindari bat jipoitu dute Zornotzako tren geralekuan, CCOOk salatu duenez

Anboto 2025ko ots. 25a, 13:00

"Deskuidu batean, gazteak zaindariaren borra hartu zuen, eta langilea buruan kolpatzeari ekin zion, hark konortea galdu zuen arte", azaldu du sindikatuak.

Gertakariak atzo, astelehena, gertatu ziren. CCOO sindikatuak azaldu duenez, gazte bik trenera ordaindu barik igotzeko saiakera egin zuten. Segurtasun zaindariak gazteak ikusi eta geldiarazi zituen: "zaindariak txarteldegitik igaro behar zutela adierazi zien gazte biei. Alabaina, gazteek jaramonik egiten ez ziela ikusita, langileak Ertzaintzari deitu zion. Gazte biak atxiki bitartean, euretariko batek ihes egin zuen; zaindariari aurre egiten hasi zen bestea. Deskuidu batean, gazteak zaindariaren borra hartu zuen, eta langilea buruan kolpatzeari ekin zion, hark konortea galdu zuen arte". Gazteak ihes egin zuela jakinarazi du CCOOk.

Ertzaintza iritsi zenean, larrialdi zerbitzuek Usansoloko ospitalera eraman zuten segurtasun zaindaria. Buruan hainbat kolpe  zituela eta eskumako begitik lauso ikusten zuela jakinarazi du CCOOk.

"Segurtasun neurri gehiago"

Sindikatuak adierazi duenez, horrelako zaintza zerbitzuak "binaka" egin behar dira, "segurtasun zaindarien, Euskotreneko langileea eta zerbitzua erabiltzen dutenen osotasuna arriskuan jartzen delako". CCOOk babes neurri gehiago eskatuko dizkio zaintza zerbitzuaz arduratzen den enpresa kontratatuari. Era berean, tren geltokietan segurtasun langile eta neurri gehiago ipintzea eskatuko du.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!