Zelan estreinaldia?
Oso ondo joan zen eta pozarren gaude. Oso tipikoa da hori esatea, baina horrela izan zen. Antzezlan honek prozesu luze-luzea izan du eta emaitza oso pozgarria da. Antzezlaneko gaia, heriotza, ez da edozer, garrantzitsua da, eta ez genuen gura gauzak esan esatearren. Buelta asko eman dizkiogu eta oso pozik gaude emaitzagaz. Publikoaren harrera ere ona izan zen. Argi genuen umeentzako ikuskizun bat izan behar zuela, heriotzaren eta galeraren kudeaketa eta dolua jorratu arren, eta lortu dugula uste dugu. Umeek ulertzen dute eta etxera zenbait erreminta daramate gaia lantzeko. Umeek ere dolu prozesuak bizi dituztela kaleratu gura genuen, nahiz eta txikiagoak izan eta beste era batera bizi. Eta prozesu horretan laguntzeko erremintak eskaini gura genituen.
Heriotza bera nahikoa tabu izan da beti.
Umeak oso publiko exigentea dira, oso zintzoak, eta gustatzen bazaie esaten dute, eta gustatzen ez bazaie, berdin. Nagusiok gehiago estali dezakegu egoera (barrez). Horrelako gai bat tratatzea garrantzitsua zela uste genuen, tabuago ez egiteko. Normala den prozesu bat da, mundu guztiak bere bizitzan zehar biziko duen esperientzia bat. Umeek galdera asko dute, baina ez dugu erantzunik. Eta hori beldurrik barik landu gura genuen. Hala ere, obra ez da drama bat, abentura piloa dago. Umeentzako antzerki bat da, baina mezu bategaz.
Berriro ere Leire Bilbaogaz lan egin duzue.
Aurreko obran gaia proposatu genion eta berak istorioa idatzi zuen. Oraingoan, ostera, ideia gugandik jaio da, espazioan girotuta zegoen istorio bat kontatu gura genuen, eta Leirek bide bat markatu digu, hortik ekiteko. Leirek urte asko darama umeentzako poesia idazten, eta oso argi eta ondo daki umeei zelan kontatu gauzak. Guretzat ezinbestekoa zen beragaz bidea egitea, bera delako profesionalena alde horretatik. Psikologo eta pedagogo askogaz tratatu dugu gaia, oso gai potentea delako. Asko ikasi dugu eta Leireren berbak eta esateko modua beharrezkoak ziren. Bakoitzak gure aldetik ibilbide luzea dugun arren, konpainia gaztea gara eta oraindino bilatzen gabiltza gure lan egiteko moduak eta formulak. Honetan, argi genuen espaziora joan gura genuela, lehenengoan oihanera eta bigarrenean itsasora joan eta gero. Asmoa zein zen komentatu genion Leireri, eta berak gidoiaren abiapuntua ipini zigun gero.
Ia lau urtean hiru lan sortu eta estreinatu dituzue.
2021ean pandemiaren sustoa gainetik kendu barik, konpainia propioa sortzea erabaki genuen. Hasieran zer izan behar zen jakin izan banu, beharbada ez nuen berriro egingo, baina emaitzak ere hor daude, egundokoak dira. Ez da batere erraza hemengo zirkuitu sarean sartzea eta egonkortzea; pentsa, Elara lanagaz emanaldi sorta handi bat lotuta dugu jada. MAX sarietan ere izendatu gaituzte! Dena oso bizkor doa eta gu ez gara oso jakitun zer lortzen gabiltzan. Baina, berez, gure izaeran lana eta exigentzia elkarren eskutik doaz. Konpainiak lau urte egingo ditu otsailean. Oraindino biran gaude Un pez en el corazón lanagaz, Arrainak bihotzean lanaren gaztelaniazko bertsioagaz estatuan. Gurearen moduko konpainia txiki bat antzezlan bigaz biran egon ahal izatea berria da, eta pozik gaude. Gure kasuan, lan handia egiteak ez du esan gura emaitzak etorriko direnik, baina oraingoan halantxik da. Lanak bere fruitua izan du. Hori bai, ondo dakigu bidaia hau maratoi luzea dena.
Exigenteak zaretela diozu. Alde teknikoago batetik, obra espazioan kokatzea erronka handia izan da?
Beti ahalegintzen gara teknika ere zaintzen, eta, kasu honetan ere, argi genuen espazioaren anbientazio hori lortu behar genuela, modu batera edo bestera. Ez genuen gura denok imajinatzen ditugun irudi horiek, planetena edo izarrena, larregi erabili. Dosifikatzen ahalegindu gara.
'Arrainak bihotzean' lanagaz MAX sarietarako izendatu zintuzteten, eta langa bat ipini zenuten hor. Orain, presio gehiago izan duzue?
Egia esateko, ez. Aurrekoan, bai, gehiago igarri genuen, Tarzan lana egin eta gero antzoki askok konfiantza izan zutelako gugan, eta askok Arrainak bihotzean programatu zutelako. Orduan igarri genuen zelanbaiteko presioa, bai, eta pentsatu ezin genuela hutsik egin. Kasu honetan, argiago dugu zer egin dezakegun, eta zein maila eman dezakegun. Guretzat gakoetariko bat da egiten dugunagaz eta erakusten dugunagaz eroso egotea, gai delikatuak direlako, eta datorrela datorrena. Guretzat luxu bat da ikustea zelako konfiantza erakutsi duten programatzaileek gu kontratatuta. Pertsonalki ere oso gustura geratu naiz. Antzezlanaren maila ona da, oso polita eta dibertigarria geratu da, jendeari gustatzea espero dut. Baina ez diogu aparteko beste helbururik ipini geure buruari.