'Brad Pitt faltsuaren' iruzurra Zornotzara iritsi ote den ikertzen ari dira

Anboto 2025ko ots. 7a, 09:39

Granadako Laugarren Instrukzio epaitegiak ikerketa bat du martxan, Brad Pitt aktore ezaguna direlakoan ustez egindako iruzurragatik. Ikerketa, 2023an Granadako emakume batek egindako salaketa batek abiatu zuen. Europa Press agentziaren arabera, iazko urtarrila eta otsaila bitartean hiru lagun ikertu zituzten Zornotzan. Salaketaren arabera, Pittekin internet bidezko harremana zuela sinestarazi zioten ikertuek biktimari, eta elkarregaz inbertsio batzuk egitera gonbidatu. Iturri berdinaren arabera, Bizkaian beste bi biktima egon daitezkeela zabaldu dute.

Esan bezala, ikerketa 2023an abiatu zuten, eta ordutik, 15 lagun inguru ikertu dituzte; horietako bi espetxean daude, behin-behinean, eta beste lagun batek bilatze agindua du. Europa Press agentziak ikerketaren "konplexutasuna" nabarmendu du. Iazko irailean, Espainiako Guardia Zibilak bost lagun atxilotu zituen erakunde kriminala osatu eta 325.000 eurora arteko iruzurra egin zutelakoan, horiek ere Brad Pitt zirela esanez. Antza, agenteen arabera, zibergaizkileek Brad Pitt aktoreen interneteko fan plataforma baten bidez jarri ziren harremanetan biktimekin. "Harreman sentimental bat zutela sinestarazi zieten atxilotuek biktimei, eta, ustez, proiektu desberdinetan elkarregaz inbertitzera gonbidatu zituen; Granadako biktimari 175.000 euroko iruzurra egin zieten, eta bizkaitarrari 150.000 eurokoa".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!