Azken urteetan goiko postuetan ibiltzera ohituta egon da, baina Zornotza Saskibaloi Taldea bestelako borroka batean murgilduta dago aurten. Zilarrezko LEB Maila amaitzeko hamar jardunaldiren faltan, zornotzarrak azken-aurreko postuan daude sailkapenean. Orain arteko hamasei partiduetan bost garaipen lortu dituzte eta denak etxean izan dira. Beraz, liga amaitu bitartean, Larrean jokatzen diren partiduek berebiziko garrantzia izango dute mailari eusteko bidean. Hurrengo hitzordua zapatu honetan bertan izango da. Teknei Bizkaia Zornotzak eta Clinica Ponferradak Larrean neurtuko dituzte indarrak, 18:30ean.
Ardanzaren ekarpena
Oier Ardanza bikain dabil aurten. Bartzelona eta Gran Canaria klub handietako harrobietan trebatutako durangarrak Zornotzarako bidea hartu zuen 2021ean, eta aurten, 23 urtegaz, bere mailarik onena erakusten dabil. Esaterako, abenduko jardunaldi batean Zilarrezko LEB Mailako jokalaririk baliotsuena izendatu zuten, 28ko balorazioagaz; tartean, 21 puntu. Gainera, iaztik hona bikoiztu egin du partidu bakoitzean sarturiko puntu kopurua, batez beste 11 puntura heldu arte, Espainiako saskibaloi federazioko datuen arabera.