Heitxik Zornotza Aretoan aurkeztuko du 'Berreraikitze aroa' debuteko lana

Aritz Maldonado 2025ko ots. 5a, 12:57

Ainhoa Salterain eta Eider Etxeandia 'Heitxi'.

Zornotza Aretoak datozen hilabeteetan izango duen kultur eskaintza aurkeztu dute gaur goizean. Ohi bezala, musika, antzerkia eta familientzako ikuskizunak programatu dituzte. Heitxi musikari zornotzarrak, adibidez, Berreraikitze aroa bere debuteko lana aurkeztuko du bertan, martxoaren 7an. "Oso berezia da norbere lana norberaren herrian aurkeztu ahal izatea, are gehiago, lehenengo diskoa izaterakoan", azaldu du Eider Etxeandia 'Heitxi'-k gaur goizean egindako prentsaurrekoan. 

Doinu elektronikoak, eta musika tradizionala uztartzen ditu Heitxik bere lehenengo lanean. Hain zuzen ere, debuteko lan horren lehen bideoklipa kaleratu zuen zornotzako musikariak atzo; Lide Hernando musikari gipuzkoarrak eta Ane Berriotxoa argazkilari zornotzarrak parte hartu dute Akelarre askea abestiaren bideoklipean. "Musikalki hainbat estilo jorratzen ditut, ez dut gura aterik ixterik", gehitu du artistak. Martxoko emanaldian, Onditz Ugarte, Ane Falagan, Urtza Jauregi zornotzarrak eta Garazi Arriaga gernikarra ere igoko dira taula gainera. Lan osoa martxo hasieran egongo da entzungai, eta udako datak ixteko lanetan ari direla.

Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak kulturak herrian duen garrantzia azpimarratu du aurkezpenean. "Zornotza Aretoa herriko kultur bizitza dinamizatzeko ezinbesteko espazioa da eta gau aurkezten dugun egitaraua, herritar ororentzat kalitatezko proposamenak esakintzeko dugun konpromisoaren isla da" nabarmendu du Salterainek. Horrez gainera, Zornotzako Musika Bandaren emanaldiak, eta Mar Mar antzerki konpainiaren Elara, bidaia bat izarretara antzezlana azpimarratu ditu. 

Programazio berria asteburuan hasiko da, Itzulera (Dejabu konpainia) eta Ensayo General (Banarte) antzezlanegaz. Egitarau osoa ANBOTOko Agenda atalean ikusi daiteke. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!