Zornotza Royal Boxing Team eta Lions Fight Klubek hainbat borrokaldi izango dituen Boxeo Eguna antolatuko dute datorren zapatuan, 19:00etatik aurrera, Zornotzako Ixerbekoa kiroldegian.
Guztira hamabi borrokaldi izango dira. Tartean, nazioarte mailan lorpen garrantzitsuak lortutako boxeolari bi daude: Oier Ibarretxe eta Enrique Kakulov. Ibarretxe galdakoztarrak kontuan hartzeko palmaresa du 21 urterekin. 2023an Europako Boxeo Txapelketa irabazi zuen 22 urtez azpiko mailan eta 63,5 kilora arteko pisuan. Horrez gainera, sei bider irabazi du Espainiako Txapelketa eta iaz Parisko Joko Olinpikoetan parte hartu zuen. Zornotzako hitzorduan bere palmaresari garaipen berri bat gehitzen saiatuko da Erick da Silva boxeolariaren aurka.
Enrique Kakulov valentziarra ere ez da edonor. WAKO erakundeko munduko txapelduna izana da, eta boxeoan hainbat bider irabazi du Espainiako Txapelketa 63 kilora arteko pisuan. Kakulov-ek Unai Aizpun nafarraren kontra borrokatuko du Zornotzan.
Nazioarte mailako boxeolariez gainera, Zornotzako boxeolarien lana ikusteko aukera ere izango da. Hain zuzen, Zornotza Royal Boxing-eko zortzi boxeolari euren borrokaldiak irabazten saiatuko dira etxeko zaleen animoekin. Azkenik, emakumeen boxeoak azken urteetan izandako hazkundearen erakusgarri, Natalia Ruiz eta Rakel Casas boxeolarien arteko borrokaldia ere antolatu dute.
Aulkiko sarrera 23 euro da (28 euro lehiatilan); harmailetako sarrera 18 euro da (23 euro lehiatilan).
URTARRILAK 25, 19:00, IXERBEKOA KIROLDEGIAN
- Dani / Igor Ranero
- Amine / Imanol Garcia
- Alain / Beñat Agirre
- Stiven Ruiz / Adrian Martin
- Jon Ander / Josu Fuentes
- Asier Sanvicente / Ishak Benaicha
- Pello Gutierrez / Juan Flores
- Natalia Ruiz / Rakel Casas
- Gari Robles / Aron
- Oier Ibarretxe / Erick da Silva
- Enrique Kakulov / Unai Aizpun
- Ander Blanco / Andres Abrego