LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuek elkarretaratze bateratua egin zuten eguaztenean Zornotzako Boroa enpresa parkean, bertan dagoen Forest Traffic enpresan abenduaren 30ean izandako lan heriotza salatzeko; egun hartan, I.P.C 41 urteko langilea hil zen enpresan, beharrean zebilela; langilea inbentario lanak egiten zebilen biltegian, orga jasotzaile bategaz, eta garraiatzen zebilen zamaren zati bat gainera jausi zitzaion; LAB sindikatuaren esanetan, "ezagutzen ez dituen arrazoiengaitik".
LAB sindikatuak "ikerketa zorrotza" eskatu du gertakariak argitzeko, eta "kasutik eratorri daitezkeen erantzukizunak argitzeko". Horrez gainera, 2015ean ere enpresa berean beste langile bat hil zela gogoratu du; kasu hartan, pieza baten kolpearen eraginez hil zen langilea.
64 heriotza 2024an
LAB sindikatuaren esanetan, amaitu berri den urtea "tragikoa" izan da lan istripuei dagokienez. "Gutxienez, 64 langile hil dira eta lan istripuak ugaritu egin dira; 2023an 100.000 lan istripu baino gehiago komunikatu ziren eta horien erdiek egun bat baino gehiagoko bajak eragin zituzten", azaldu dute ohar baten bitartez. Sindikatu abertzalearen esanetan, kontrol neurriak gehitu behar dira lan osasun araudia betetzeko.