Berriki, Zornotzako Udalak gogobetetze-inkesta bat egin du Gizaker Social Survey and Public Opinion Experts-en bitartez, zornotzarrek udalerriko hainbat alderdiri buruz duten pertzepzioa ezagutzeko. Ekimen horri esker, herriaren inguruan zornotzarren lehentasunen, beharren eta ikuspegi orokorraren inguruko informazioa jaso ahal izan dute, udalak ohar batean informatu duenez.
Zornotzarrek balorazio "oso ona" egin dutela erakusten dute emaitzek, oharraren arabera. "Zornotzak 8,5eko batez besteko nota lortu du bizileku bezala, bizi kalitatea eskaintzen duen herri gisa sendotuz. Gainera, azterlanean parte hartu duten pertsonen % 48,3k azken urteotan udalerria nabarmen hobetu dela diote, bereziki hirigintza-jarduerak nabarmenduz eta Udalaren lan ona islatuz. Udalaren egungo kudeatzaileen lanarekin 7,10eko asebetetzea azaldu dute zornotzarrek".
Obrak eta azpiegiturak
Orain gutxi egindako obren artean, Kaitanako igogailuak, Zelaietako jolas-gune estaliak, herria Iurretarekin lotzen duen bizipistak eta Zubikurtze, Zubipunte eta Zubizabala lotzen dituen oinezkoentzako ibilbideak "batez beste, 8,14ko balorazioa jaso dute". "Horrek bistako egiten du herritarrek proiektu hauekiko duten onarpen edota asebetetze maila altua", baloratu dute.
Martxan dauden proiektuei dagokienez ere, espektatibak "positiboak" dira udalaren esanetan. Izan ere, Jauregizahar auzoaren berrurbanizazioa, Urgozo kiroldegiaren eraikuntza, El Carmelo Parkea edo Erletxes-Larrabetzura doan bizipista bezalako ekimenek "7,5etik gorako nota jaso dute".
Beste puntu nabarmen batzuk
Herritarren Arreta Zerbitzuak (HAZ) udal izapideak kudeatzeko zornotzarrei eskaintzen dien arretak "7,27 puntuko balorazioa" jaso duela nabarmendu dute. Udal zerbitzuei dagokienez, kaleen garbiketa eta zaborren zein hondakinen kudeaketa izan dira "baloraziorik onena" jaso duten zerbitzuak, eta kirol alorrak, trafikoak eta argiztapenak ere "kalifikazio ona" lortu dute. Bestalde, herritarren segurtasunaren inguruan, "azterlanean parte hartu dutenen % 83,5ek Zornotza udalerri segurua dela erantzun dute".
Aurrera begirako erronkak eta beharrak
Hobetzeko arloak ere identifikatu ditu azterlan honek. Horiei jarraiki, aparkaleku eza eta etxebizitza-beharrak dira etorkizunera begirako erronka nagusiak. Oharrak zehazten duenez, alderdi horiek "bat datoz azken urteotan antzemandako beharrekin", eta Udalak eskaera horiei "irtenbide zehatzak bilatzeko konpromisoa" adierazi du.
Ainhoa Salterain alkatearen hitzetan, "jasotako datuei esker, Zornotza etengabe hobetzeko lan egiten jarraituko dugu, zornotzarrentzako segurtasuna, bizi-kalitatea eta garapen iraunkorra batzen dituen herria izan dadin".