Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuak arautu dituzte Zornotzan

Anboto 2024ko abe. 20a, 13:44

Azken urteetan mugikortasun modu desberdinak ezarri dira herritarren egunerokoan. Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuen erabilera asko hazi da, adibidez patinete elektrikoena; horien erabilera arautu gura dute ordenantza berriagaz. Horretarako, Zornotzako Udalak bide publikoaren erabilera, trafikoa, zirkulazioa eta bide segurtasuna arautuko duen ordenantza berria onartu du osoko bilkuran. Besteak beste, 16 urtetik beherakoek ezingo dute MPIrik erabili; MPIek ezingo dute espaloietatik eta oinezkoentzako guneetatik zirkulatu, eta erabiltzaileek ezingo dute MPIrik gidatu entzungailuekin, telefono mugikorra erabiltzen, edota alkoholaren zein drogen eraginpean. Kaskoa erabiltzea derrigorrezkoa izango da, eta ezinbestekoa izango da zirkulazio-ziurtagiria, baita ere.

Udal araudia indarrean dagoen legedira egokitzeko asmoagaz onartu dute ordenantza berria. "Bide publikoen erabiltzaile guztien bizikidetza eta segurtasuna bermatu gura dugu, bai oinezkoena, bai txirrindulariena, baita ibilgailu tradizionalena (autoak, furgonetak, kamioiak), eta garraiobide berriena ere, adibidez, patinete elekrikoak", azaldu du Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak. 

Era berean, ordenantzak bizikleten zirkulazioa ere erregulatzen du (15 urtetik beherakoak salbuespena izango dira). Oinezko eta bizikleta erabiltzaileen arteko bizikidetza sustatuko dute. "Monopatinen eta patinen erabilera ere arautu da, haien zirkulazioa galtzadetara mugatuz, soilik egokitutako eremuetan. Espaloietan, berriz, pertsonen erritmoan ibili beharko genuke, gorabeherak eta segurtasun arazoak sahiesteko". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!