2025eko urtarrilaren 4a, zapatua. SD Amorebieta sortu zela ehun urte beteko diren egun berean, klubak hasiera emango dio ospakizunari. 12:00etan kalejira bat abiatuko da Herriko Plazatik Urritxe zelaira, txistulariek alaiturik, klubak ohar batean informatu duenez.
Urritxera iritsitakoan, mendeurreneko bandera igoko dute, urte osoan zehar zelaiko sarreran egongo dena. Ondoren, aurreskua dantzatuko da ehun urte hauetan zehar klub zornotzarrean izan diren jokalari, entrenatzaile, langile, zuzendari, bazkide eta zale guztien omenez. Bertso batzuk ere kantatuko dira. Amaitzeko, Jon Larrea presidenteak mendeurrena ospatzeko egitarau osoa jakinaraziko du. Ekitaldia bukatzean luntx bat egongo da.
SD Amorebietako Zuzendaritza Batzordeak urtarrilaren 4ko ekitaldian parte hartzera deitu ditu klubeko bazkide, jokalari, entrenatzaile, babesle eta zaleak.