Etxean otso eta kanpoan uso. Horrelaxe dabil Amorebieta azken hilean, Natxo Gonzalezek taldearen gidaritza hartu zuenetik hona. Horren aurretik, etxean ere uso zebilen, eta, beraz, alde horretatik behintzat hobekuntza igarri da.
Amorebietak etxean jokaturiko azken partidu biak irabazi ditu: 2-1 Barcelona Atletic taldearen aurka, eta 2-0 Sestaoren kontra. Zaleek denboraldi osoan ez bezala gozatu dute euren taldeagaz. Gura baino gehiago sufrituta irabazitako partiduak izan dira, batez ere katalanen kontrakoa. Urdinek 92. minutuan berdindu zuten bost minutu lehenago aldats gora jarritako partidua, eta 93.ean sartu zuten garaipenaren gola.
Zapatu honetan, 20:30ean, Barakaldo hirugarren sailkatuak bisitatuko du Urritxe. Etxean hirugarren garaipena segidan lortzen eta sailkapeneko zulotik —azken tokian daude— irteten ahaleginduko dira urdinak.
Etxetik kanpora ahul
Etxetik kanpora beste era batekoak dira kontuak. Denboraldi osoan bezain ahul jarraitzen dute. Taldeak zazpi gol jaso ditu azken irteera bietan, eta burumakur itzuli dira Ponferradatik eta Donostiatik. Edozelan ere, kontuan hartzekoa da Natxo Gonzalezen estreinaldian Arenteiro zazpigarren sailkatuaren kontra baturiko puntua (1-1).