"Argazkigintzako Goya Saria lortzea dut erronka"

Aitziber Basauri 2024ko abe. 7a, 11:30

Alex de Pedro aitaren eskutik hasi zen argazkigintzan, 15 urtegaz. Harrezkero, biak bidelagun izan dira argazkigintzan. Irudi Profesionalen Espainiako Federazioak izendatuta, Argazkilari Maisuak dira biak. De Pedro argazki dendako apaletan, urteotako sari zerrenda luzea dago erakusgai. Amaren eta emaztearen lana ere nabarmendu du. 

Argazkilari familia bateko bigarren belaunaldia zara.
Bai, aitaren eskutik egin dut bidea argazkigintzan. Asko jaso dut berarengandik. Gainera, biok beste argazkilari batzuekin trebatu gara. Bera ere izendatuta zegoen Quijote Sarietan, paisaien atalean. Ez dugu lortu biok saria ekartzea. Itzela izango zen!

Zelan hartu duzu Quijote Saria?
Hiru argazki aurkeztu nituen, eta nire ustez  aukera gutxien zuenagaitik eman didate saria. Gainera, banuen argazki bat irabazteko faborito, eta ez zen nirea. Sorpresa handia izan zen.

Ezkontzetan lan egin duzu bakarrik?
Ezkontzetan ibiltzen gara gehien. Baina denerik egiten dugu: jaioberriei argazkiak, gabonetako kanpainak... Publizitate lanekin ere asko gozatu dut; hainbat sari lortu dut. Noizean behin, egindako lana ondo dagoela esatea eskertzekoa da. Ezkontzak gure egunerokoa dira; ahalik eta intentziorik onenagaz ateratako argazkiak dira, baina ez dira prestatutako zerbait, inoiz lehiaketa batean aurkezteko. Lan hori ondo dagoela esateak badu balio erantsi bat.

Zelan definituko zenuke zure lana?
Geroago eta gehiago lan dokumentala dela uste dut. Are gehiago ezkontzetan; gertatu den guztia ahalik eta ondoen dokumentatzea da gure lana. Prestatze lanekin hasi eta eguna amaitu arte. Argazkietan eurak diren moduan islatuta agertu daitezen gura dugu; ez guk ipinitako jarrera batean. Horretan ahalegintzen gara. Egun horretan oso urduri egoten dira. Estres, barre eta emozio momentuak dira.

Bizi izan duzu pasarte berezirik?
Ezkontza bakoitzean dago zerbait. Dena dela, familia baten eboluzioa ikustea da politena, eta eurentzat garrantzitsua den egun edo une horren parte izatea. Tokatu izan zait hiru belaunaldi erretratatzea.

Zer ezin da falta argazki batean?
Sentimendua. Argazkiak zerbait esan behar digu, zerbait eragin.

Asko eboluzionatu da ezkontzetako argazkigintza?
Guztiz aldatu da. Askoz ere aukera gehiago dago orain. Argazki kopuru mugagabea duzu eta horrek joko handia ematen du. Ezkontzak ere asko aldatu dira. Eskutik lotuta doaz. Askoz gehiago lan egiten dugu. Baina emaitza askoz hobea da.

Zer erretratatu gura zenuke?
Aitak dioen lez, bihar aterako dudan hori, hobetzen joateko. Hala ere, atzerrian ezkontzaren batean argazkiak atera gura nituzke: Parisen, Londresen...

Zein da orain duzun erronka?
Argazkigintzako Goya Saria lortu gura nuke, otsailean. Aitak 2019an lortu zuen, ezkontzen atalean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!