Lointek Amorebieta-Etxano Cup nazioarteko futbol torneoaren 20. aldiak kimu mailako 23 talde eta 350 jokalari inguru batuko ditu abenduaren 6an eta 7an Txolon futbol zelaian.
Barikuko lehenengo faseak 12 talde batuko ditu. Hiru multzotan banatuko dira. A multzoan Zornotzako Ikastxiki FE, CD Arratia, Club Bansander eta CD Aurrera de Vitoria egongo dira. B multzoan, Gernika Club, CD Ermua, Athletic Gipuzkoa Eskola eta EDF Promesas. Azkenik, C multzoan, SD Deusto, Bermeo FT, Aretxabaleta KE eta Txantrea KKE. Fase hau, ligaxka moduan, 09:30ean hasiko da. Zortzi talde 16:00etan hasiko diren kanporaketetarako sailkatuko dira.
Barikuko irabazleak zapatukoan parte hartzeko txartela lortuko du. Bigarren eguneko lehiaketak ordutegi eta formatu berdina ditu. A multzoan Girondins Bordeaux, Real Valladolid, SD Eibar eta CA Osasuna egongo dira. B multzoan, SD Amorebieta, Athletic Club, Deportivo Alaves eta Real Racing Club. Azkenik, C multzoan, FC Porto, RC Deportivo de la Coruña, Real Sociedad eta aurreko eguneko irabazlea. Kanporaketa fasea 09:30ean hasiko da; final laurdenak 16:00etan dira eta, finala, 18:15ean.
Abenduaren 7ko partiduak zuzenean ikusi ahalko dira klubeko Youtube kanalean.
Sarrerak eta aparkalekua
Sarrerak egun osorako balioko du eta hurrengo prezioak izango ditu. Hilaren 6koa doakoa izango da bazkideentzat eta hiru euroko kostua izango du gainerakoentzat. Hilaren 7an, berriz, bazkideek hiru euro ordainduko dute eta gainerakoek bost euro. Txapelketan zehar hainbat sari zozkatuko dira, hala nola parte hartzen duten kluben kamisetak eta bi lagunentzako bazkaria Boroa Jatetxean.
Arrazoi logistikoengatik, Txoloneko aparkalekua itxita egongo da bi egunetan eta udalerriko aparkalekuetan aparkatzea aholkatzen da.