Zornotzan gaur eman diote amaiera Jan Alai 2.0 pintxo lehiaketari. "Parte hartze handia eta harrera ezin hobea izan du zornotzarrengan, baita bisitariengan ere eta herriko taberna zein jatetxeen sormena eta kalitatea jarri ditu beste behin balioan", azaldu du udalak prentsa oharrean
.
Guztira, 29 establezimenduk parte hartu dute azaroko asteburuetan egin duten gastronomia lehiaketa honetan 30.000 pintxo salduz. Hilabetean zehar, establezimendu parte-hartzaileek euskal sukaldaritzaren ikur nagusietakoak diren patata tortilla eta gilda pintxoen bertsioak aurkeztu dituzte. Taberna zein jatetxeei, ordea, askatasuna eman diete errezeta hauek aberastu edota modu berritzailean aurkezteko, betiere, bi pintxo horien funtsezko osagaiak errespetatuz.
Lehiaketak helburu bikoitza bete du: herriko ostalaritza establezimenduetako kontsumoa dinamizatzea batetik eta zornotzarrei zein bisitariei esperientzia gastronomiko berriak eskaintzea, bestetik. Horrez gain, taberna eta jatetxeek udalerriko gizarte zein ekonomia bizitzan elkargune gisa duten garrantzia ere balioan jarri nahi izan dute
Sari banaketa
Jan Alai 2.0 lehiaketaren irabazleek Zelaietan Zentroan jaso dute saria. Jan Alai 2.0k 1.000 euroko bi sari nagusi izan ditu, patata tortilla onenari bata eta gilda onenari bestea, biak epaimahai profesional bidez emandakoak. Epaimahai profesionala honako sukaldari eta aditu hauek osatu dute: Eneko Antolín, sukaldaria; Fede Novales, sukaldaritzako irakaslea; eta 2022ko marmitako lehiaketako irabazleak, Rosa Mari Zamalloa, Mari Feli Municha eta Sole Zarate.
Epaimahaiak Ipar Tabernaren Tortila pintxoa nabarmendu du, goxotasunagatik, formatua zaintzeagatik eta itxura konstantea mantentzeagatik, "izan dugun bisita guztietan ez delako aldatu". Gildaren kasuan, epaimahaiak El Cojo jatetxea aukeratu du lehen sarirako, pintxoaren goxotasuna, elikagaien kalitatea eta berezia izateagatik.
Zornotzarrek pintxorik gustukoenak bozkatzeko aukera izan dute, eta herritarren bozketaren arabera, patata tortilla pintxo onena Batzoki establezimenduak aurkeztutakoa izan da. Bigarren postua Boroak eskuratu du, hirugarrena Guriak eta laugarrena Ipar Tabernak.
Gildaren pintxorik onenaren kategorian, aldiz, herritarren aukeraketa Antxeta by Taberu establezimenduaren pintxoak irabazi du. Bigarren sailkatua Singing izan da, hirugarrena El Cojo eta laugarrena Sukoi. Establezimendu irabazle bakoitzak 500 euroko saria jaso du. Azkenik, 500 euroko hirugarren saria zozkatu dute, azken hau botoa eman duten herritarren artean Iris Alvarez Zorrilla izan da irabazlea.
Zornotzako Udalak eskerrak eman dizkie establezimendu parte-hartzaileei, baita herritarrei ere, lehiaketan izandako inplikazioagatik. Horrez gain, tokiko ostalaritzari bultzada ematen jarraitzeko ekimenak sustatzeko konpromisoa berretsi du, taberna eta jatetxeek tradizio eta topagune gisa duten garrantzia azpimarratuz.