Poesia liburu bi lehenengo, eleberria hurrengo, eta umeentzako ipuin liburua orain. Zergaitik umeentzako liburua?
Beharbada azkenaldian umeentzako liburuak irakurtzen nabilelako batez ere. Etxean txikiak ditugu, eta oheratu aurretik irakurtzen dudana normalean ez da izaten nire zaletasunetik aukeratutako zerbait, ezpada umeei irakurtzeko zerbait. Eta kontua da oso sorkuntza ederrak daudela haurrei zuzenduriko lanen artean eta oso gustura irakurtzen ditudala. Beraz, azken urteetan, idazterakoan ere haurrekin lotura duten ideia gehiago izaten dut buruan, beste era batekoak baino.
Hiru ipuinek osatzen dute liburu berria. Emango dizkiguzu hiru ipuinetako bakoitzaren zertzelada batzuk?
Hiru ipuinak elkarrengandik desberdinak dira, planteamenduan bai behintzat. Baina badago batzen dituen hariren bat. Ez nahita, baina alegia kutsuko hiru ipuin irten dira azkenean. Irakurleak ez du aurkituko inolako esperimenturik edo berrikuntza asmorik. Oso estilo klasikoan idatzita daude; betiko ipuinak dira, edozein iloba, guraso eta aitita-amamak ipuintzat identifikatuko lituzkeen testuak dira. Liburuaren izenburuak berak ere ematen du horren arrastoa. Lehenengo ipuinean, adibidez, errima bidezko elkarrizketek pisua dute; bigarrenak gozotasunetik duela esango nuke; eta hirugarrenak ahalegin handiagoa eskatuko dio irakurleari, ipuinak dituen geruzak helarazteko haurrari. Izan ere, liburuaren gakoetariko bat hortxe dagoela esango nuke; helduek umeei irakurtzeko ipuinak direla esango nuke, eta gura nuke ipuinak etxeko txikiekin momentu gozo eta intimo bat igarotzeko aitzakia eskaintzea. Hori lortuz gero, liburu honek bete du bere eginkizuna.
Zelan aldatzen da idazle baten lana nagusientzat ala umeentzat idatzi?
Esan gura dudan hori aldatzen da, eta baita esateko modua ere: erabiliko ditudan berbak, esaldiak… Baina idazterakoan ipuina dut buruan, edo poema edo eleberria, eta idazten nabilen horregaz gustura geratzen ahaleginduko naiz. Buruan bueltaka dudana ahalik eta modurik egokienean islatu gura dut paperean. Eta langintza hori, asebeteta geratzeko saiakera hori, bere horretan mantenduko da haurrentzat, gazteentzat zein helduentzat idatzi. Eta esango nuke gakoetariko bat zintzotasun horretan dagoela.
Ipuinak ilustrazioekin lagunduta daude.
Asier Iturralde 'Gaston'-ek egin ditu irudiak, eta nik kontrakorik esatea itsusi geratuko litzatekeen arren, benetan diot ederrak iruditu zaizkidala ilustrazioak. Niretzat liburua opari bat izan da alde horretatik, ikaragarri poztu nintzen lehenengo zirriborroak ikusi nituenen. Berbak neureak dira, baina jantzia Asierrek josi du, eta aldea handia da biluzik ibili edo dotore jantzita ibili. Liburuan zehar, momentu batzuetan irudiek adierazten dute berbaz adieraztea gatx egin zaidana, eta hori zoragarria da.
Biak Saguganbaran egongo zarete, abenduaren 7an, 18:00etan. Zein da plana?
Ordu erdiko tartetxo bat izango dugu, eta nik ipuinen bat irakurri ahala Asierrek ilustrazioak sortzea da asmoa, eta bertaratzen direnek momentuan bertan pantaila batean ikusi ahal izatea irudiok.