33 milioi euro inguruko aurrekontua onartu du Zornotzako Udalak

Anboto 2024ko aza. 26a, 11:03

Iazkoak baino aurrekontu apalagoa izango du Zornotzak 2025ean; hain zuzen ere, 33.835.000 euroko aurrekontua izango du. EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu da aurrekontu proposamena. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, ostera, aurka bozkatu dute. 

Zornotzako Udalaren arabera, "bizi kalitatea eta eraldaketa" dira aurrekontuaren ardatza. Horretarako, Urgozo kiroldegia erabilera anitzeko espazio bilakatzeko proiektua, El Carmelo parkearen sorrera, edota auzoetako hobekuntzak zein udal enplegu programei jarraipena ematea lehenetsi ditu.

Hain zuzen ere, Esther Torvisco EAJko bozeramaileak oposizioko alderdien jarrera krikatu du. "EH Bilduk ez du inolako ekarpenik egin aurrekontuen lanketan zehar, eta Elkarrekin Podemosek egindako proposamenak ez dira Zornotzako herritarren benetako betebeharretara egokitzen. Gobernu taldeak arduraz eta ikuspegi zabalarekin lan egin du aurrekontu hauek diseinatzeko. Adostasun faltaren gainetik, baliagarriak, inklusiboak eta herritarren interesetara egokitutako aurrekontuak izatea lehenetsi dugu. Zornotzarren bizi kalitatea konpromisorik irmoena da eta datorren urtean ere, herri kohesionatua, dinamikoa eta etorkizunari begira dagoena eraikitzen eta indartzen jarraituko dugu". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!