Pilotafest Pro Fest jaialdiaren baitan, Zornotzak esku pilota profesionaleko lau partida hartuko ditu abendutik eta otsailera bitarteko lau barikutan. Zehazki abenduaren 13an, urtarrilaren 3an, otsailaren 7an eta otsailaren 21ean izango dira, 20:45ean hasita. Musikaz girotuta egongo dira jaialdiak. Gainera, jokoak zozkatuko dituzte bertaratzen diren zaleen artean.
Abonuak eta sarrerak
Abonuak edo sarrerak dagoeneko eskuragarri daude Entradas-Fronton webgunean. Zornotzan ere erosi ahal izango dira Zelaieta Tabernan, Urtza Tabernan eta Venecia Kafetegian. Jaialdietako egunetan, halaber, txarteldegia zabalik egongo da Zelaieta Zentroan ordubete lehenagotik.
Lau saioetarako abonua 90 euro da. Saio bakarrerako sarrerak, aldiz, 20 eurotik aurrera eskuratu daitezke.
“Pilotafest Zornotzan soilik ospatzen den jaialdia da eta ez da kirol-lehiaketa bat bakarrik; kirola, musika eta herritarren parte-hartzea uztartzen dituen kultur topaketa ere bada. Hala, herritar guztiak animatzen ditugu jardunaldi bakoitzaz goza dezaten”, adierazi du Koldo Bilbao kirol zinegotziak gaurko aurkezpenean.