Andoni Ibarra zornotzarrak patinaje artistikoko Euskadiko Kopa irabazi du

Anboto 2024ko aza. 13a, 08:57

Zornotzako Larrea kiroldegian lortutako garaipenagaz hirugarren biderrez irabazi du Andoni Ibarra patinatzaile zornotzarrak Euskadiko Kopa. 2024 urte arrakastatsua izan da Ibarrarentzat, izan ere, Zurichen jokatutako Europako Kopan brontzea eta Alemaniako Nazioarteko txapelketan eskuratutako urrea lortzeaz gainera, Espainiako Goi Mailako Errendimendu Zentrorako ere hautatu dute. 

Azken asteburuko emaitzarekin 2024a borobildu du Andoni Ibarra patinatzaileak. Izan ere, Euskadiko Kopa irabazteaz gain, nazioartean ere dominak lortu ditu zornotzarrak; Zurichen ospatutako Europako Kopan irabazitako brontzeagaz, modalitate librean Europako Kopan domina eskuratzen duen euskal patinatzailee gazteena izan da Ibarra. 

Andoni Ibarra zazpi urtegaz hasi zen patinatzen. Urtebete beranduago, klub batean sartu eta modu erregularrean patinatzen hasi zen, baita patinaje artistikoan lehenengo urratsak ematen. Gaur egun, Irrisbizi Bilbao patinaje artistikoko klubeko kidea da eta prestaketa zorrotz bat jarraitzen du zornotzarrak: astean lau egunetan bi orduko patinaje artisiko saioak egiten ditu, eta beste bi egunetan prestakuntza fisiko espezifikoa egiten du. 2025ean Bartzelonan dagoen Espainiako Goi Mailako Errendimendu Zentroan entrenatzeko gonbidapena jaso du. Datorren urtean Munduko Kopan lehiatzea gura du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!