Andra Mari ikastolako gurasoen abesbatzak jai berezia antolatu du hiru hamarkadako ibilbidea ospatzeko. Azaroaren 15ean izango da emanaldi berezia, ikastolako aretoan, 19:30ean. Urte hauetan zehar bidean ezagutu dituzten kideetariko batzuen konpainia ere izango dute emanaldian. "Oso ondo konpontzen gara denok, eta euren partetik detaile polita da gure jaira etortzea", azaldu dute abesbatzakoek. Horrela, Brioletak, Zornoza, Abes-kimu eta Xuxurlariak abesbatzek parte hartuko dute ekitaldian, Zornotzako otxoteagaz eta bandagaz batera. "Urteetan zehar aldaketak eta gorabeherak egon badira ere, beti egon da irmo mantendu den zerbait: euskaraz eta ikastolaren izenean abesteko gogoa", gaineratu dute. Gaur egun Marian Ruizek zuzentzen du abesbatza eta Andra Mari ikastolako hezkuntza osoarentzat ditu zabalik ateak. "Gurasoak, ikastolaren lagunak eta aitita-amamak daude gure artean", argitu dute. Entseguak martitzenetan izaten dira, 20:00etatik 21:30era, eta abesbatzako kideen esanetan ez da musika irakurtzen jakin behar.