Sare sozialetan deialdia egin eta berehala erantzun dute zornotzarrek. Valentziara eramateko produktuen bilketak erantzun ezin hobea izan du. Hamaika pertsona inguru bilketa gunera bertaratu dira bolondres. Hasierako deialdian janaria, ura eta esnea eskatu dituzte. Orain, kandelak, pilak, linternak, maskarak, guanteak eta uretarako oinetakoak eskatzen ari dira.
Laguntza jasotzeko egunak:
Azaroaren 4tik 6ra
10:00-14:00
16:00-20:00
Zelaietako frontoia
Aitor Aparicio ekimenaren antolatzaileak dioenez, goiz osoan zehar herritarren, instituzioen eta enpresen babesa jaso dute. Udalak Zelaietako frontoia utzi die, eta baita furgoneta ere. DS Smith Tecnicarton enpresak kaxak eman dizkie eta Aludium enpresa logistikaren arduraduna izango da. Lehenengo trailerra gaur arratsaldean irtengo da Valentzian Aludiumek duen enpresara. Behin bertara helduta banaketa zelan egin erabakiko dute, beharren arabera.
Apariciok beste bolondres batzuekin batera mota honetako bilketa bat martxan jartzen duen hirugarren aldia da. Aurretik, Siriara eta Ucrainara laguntza bidaltzeko ekimenak antolatu zituzten.
Bestalde, Zornotzako Udalak zornotzarrek erakutsitako elkartasuna eskertu gura izan du ohar baten bidez. "Zornotzako Udalak ikaragarri eskertzen du zornotzarren elkartasuna eta eskuzabaltasuna, Valentziak eta valentziarrek une honetan bizi duen krisi-egoeraren aurrean. Herritar guztiak gonbidatzen ditugu, ahal duten neurrian noski, ekimen honetan laguntzen jarraitzera eta guztiok elkarrekin valentziarrei elkartasuna adieraztera", azaldu dute.