Nemesio Bikandi Zornotzako Musika Bandaren sortzailea omenduko dute zapatuan

Aritz Maldonado 2024ko aza. 4a, 11:57

Udal ordezkariak, bandako kideegaz eta Nemesio Bikandiren senideegaz.

Nemesio Bikandi udal musika bandaren sortzailea omenduko du Zornotzako Udalak zapatuan, hilak 9, bere izena daraman kalearen izendapenaren 70. urteurrenean. Bi ekitaldi egingo dituzte, lehena goizean: 11:45ean udal musika bandak emanaldia eskainiko du Zelaieta parkeko kioskoan; 20:00etan, 'Antzinako oroitzapenak' izeneko kontzertua eskainiko du bandak garai bateko kideen parte hartzeagaz. Bestalde, azaroaren 10era arte Nemesio Bikandiri eskainitako erakusketa egongo da Zelaieta zentroan. 

"Nemesio Bikandik ekarpen garrantzitsua egin zuen gure herriko kulturaren garapenean, eta bere ondarea gaur egun ere bizirik dago. Omenaldi honen bidez, gure udalerriko musika alorrean egindako lan nekaezina aitortu eta eskertu ahi dugu, eta aldi berean, etorkizuneko belaunaldientzat ireki zuen bidea eskertu. Ekarpen horiek gure herriaren kultur ondareari izugarrizko balioa gehitu diote, eta aitortza bat merezi dute", azaldu du Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak. Aritz Labrador udal bandaren zuzendariak ere Bikandik eginiko ekarpena nabarmendu du. "Kontzertu berezia izango da zapatukoa, besteak beste, garaiko bandako kideek parte hartuko dutelako. Nemesio Bikandi kalearen izendapena 1954ko uztailaren 18an izan zen, hain zuzen ere, egun horretan jotako bi abesti berreskuratuko ditugu zapatuan". 

Zapatuan, goizeko 11:45ean izango da lehenengo omenaldi ekitaldia. Udal musika bandak emanaldia eskainiko du Zelaieta parkeko kioskoan, eta ondoren, kalejiran abiatuko da Nemesio Bikandi kaleraino. Arratsaldeako 20:00etan, ostera, Aintzinako oroitzapenak izeneko kontzertua eskainiko du bandak. Bestalde, azaroaren 10era bitartean Bikandiren bizitza eta Zornotzako musika eta kultur munduan izandako eragina ezagutzeko aukera eskaintzen du erakusketak.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!