Tokiko establezimenduetako kontsumoa sustatzeko helburuagaz antolatu du lehiaketa Zornotzako Udalak. Edizio honetan patata tortila eta gildak izango dira pintxoen oinarria, osagai horietatik abiatuta parte hartzaileek bertsio propioak aurkeztuko dituzte, nahi beste berrituta. Azaroaren 1ean hasi eta 29 bitartean luzatuko da. "Gure helburua tokiko kontsumoa bultzatzea da, bisitariei esperientzia gastronomiko berriak eskaintzea, eta gure taberna eta jatetxeak udalerriko bizitza sozial eta ekonomikoan duten garrantzia nabarmentzea", azaldu du Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak.
Pintxoen balorazioa egiteaz epaimahai profesionala arduratuko da, eta besteak beste, zaporea, gatz puntua, tenperatura eta aurkezpena hartuko dituzte kontuan. 1.000 euroko bi sari banatuko dituzte, bata patata tortila onenari eta bestea gilda onenari. Sari banaketa azaroaren 30ean izango da, 12:00etan, Zelaieta zentroan.