Zaldialdiaren estreinakoa Zornotzan

Anboto 2024ko urr. 23a, 17:02

Zaldialdiko eta Zornotzako Udaleko ordezkariak.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zaldi sektoreko elkarte eta federazioek bat egin dute Zaldialdia azoka sortu eta elkarlanean "sektoreari bultzada eta ikusgarritasuna emateko"; Zornotzan egingo dute, domekan, urriak 27, 10:00etan hasita.

Azken hamarkadetan sortu, eta garatzen ari den zaldi sektorea batu eta indartzeko asmoagaz Zaldialdia azoka egingo dute domekan; Zornotzan izango da egitasmoaren estreinakoa. Zaldi azoka antolatu eta sektorearen aniztasuna bultzatu eta plazaratzeko asmoagaz antolatu dute azoka. "Bakoitzak bere esparrutik, baina guztiok nahi dugu euskal arraztak sustatu eta zaldien sektorea, orohar, indartu. Elkarrekin lan eginda, sektoreari ikusgarritasuna eta hauspo handiagoa emango dizkiogu", nabarmendu du Osertz Lejarreta Zaldialdiako koordinatzaileak. Guztira, 120 animalia baino gehiago egongo dira ikusgai eta salgai, besteak beste, lehiaketako zaldiak, Pottokak, Enkarterrietako Astoak edota Euskal Herriko Mendiko zaldiak. "Orain arte Euskadin ezagutu ez dugun azoka berri bat da Zaldialdia eta gelditzeko etorri da", azaldu du Lejarretak. 10:00etan hasi eta 15:00ak arteko egitaraua prestatu dute bisitarientzako zein streaming bidezko jarraipena egingo dutenentzako, eta besteak beste, erresistentzia eta oztopo jauzi erakustaldiak, balorazio morfofuntzionalak edota moxal okelaren dastatzea egongo dira. Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak gogotsu hartu du Zaldialdia Zornotzan egiteko erronka. "Zaldialdia aukera paregabea da arraza autoktonoak berreskuratzeko lanean ari diren horien lanari balioa emateko eta espezie horiek gure eskualdeari ematen dioten aberastasuna erakusteko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!