Urritik urtarrilera bitartean Zornotzako landa eremuak dinamizatzeko egitaraua aurkeztu dute. 'Bertokoak berton' dinamikaren barruan, pintxo tailerrak, defentsa pertsonal ikastaroa eta kontzertuak egingo dituzte Euba, San Migel, Etxano eta Boroa auzoetan. 'Bertokoak berton' Arkalaz ekimenaren barruan sortu zen, eta herriko eremu guztiak integratu eta batzeko helburua du. Aurtengo edizioak hainbat berrikuntza izango du. Udalak Iñaki Basaberen eta Bilbao Bel Cantoren kontzertuak antolatu ditu San Migelen (azaroaren 30ean izango da lehenengoaren emanaldia, eta abenduaren 29an bigarrenarena); Boroan bingofesta egingo dute urtarrilaren 25ean; Etxanon, Eraitsi SL antzezlana egongo da ikusgai. Ekintza horiek auzo horietan baino ez dituzte egingo. "Ekitaldi irekiak izango dira eta beste auzoetako bizilagunak ere parte hartzera gonbidatuta daude, jakina", zehaztu du Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak ekimenaren aurkezpenean. Hain zuzen ere, Salterain alkateagaz eta Koldo Bilbao zinegotziagaz batera, Carlos Osa (San Migeleko auzokidea), Pascual Uriarte (Etxano), Iñigo Gorospe (Euba), Kontxi Gerediaga eta Isabel Basagoiti (Boroa) herritarrek parte hartu dute aurkezpenean. Ekimena jarduerak herrigunetik landa-eremuetara zabaltzeko helburuagaz jaio zen, orain urtebete. Denbora honetan, udala auzo hauetako bizilagunekin batu da hauen iritziak aintzat hartu eta euren interesei erantzungo dien programazioa ontzeko helburuagaz.
Auzo bakoitzak egitarau propioa izango du; hala ere, goian aipaturiko laurak izan ezik, gainerakoak auzo guztietan egingo dituzte. Gastronomiari dagokionez, pintxo tailerra eta Kalabaza hamaika eratan tailerra egingo dituzte; eta terrarium bat zelan sortu ere landuko dute; defentsa pertsonala jorratzeko tailerrak ere emango dituzte.
'Bostekoa' Zornotzan
Bide batez, Zornotzako Udalak oharra kaleratu du Bostekoa erakusketa herrian dela esateko. Erakusketa ibiltaria osatzen duten obrak Zelaieta zentroan egongo dira, azaroaren 3ra arte.