Zornotzako Nazioarteko Krosa korrikalarientzako pizgarriz beteta dator, domekan

Joseba Derteano 2024ko urr. 16a, 15:00

Ekimeneko antolatzaile, sustatzaile eta babesleak gaurko prentsaurrekoan.

Urrezko zigiluari eusten dion probak goi mailako atletak erakarriko ditu. Euskadiko klubek Espainiako txapelketarako sailkapena izango dute jokoan.

Zornotzako Nazioarteko Krosaren 70. aldiak kroslarientzako pizgarri asko eskaintzen ditu. Horregatik, aurreko aldietan baino parte hartze handiagoa espero dute antolatzaileek domeka goizean, Jauregibarriako landan.

Alde batetik, laugarren urtez jarraian World Athletics Cross Country zirkuituaren barruan dago eta urrezko zigiluari eusten dio. Horrek esplikatzen du maila absolutuan lehiatuko direnen maila handia. Gizonetan, esate baterako, Rodrigue Kwizera nabarmendu daiteke, 2022an Zornotzako krosa eta Munduko Cross Country zirkuitua irabazi zituen atleta burundiarra. Emakumeetan beste burundiar bat dago faboritoen artean: Francine Niyomukunzu, 2019ko irabazlea. Aurten Parisko Joko Olinpikoetan aritu da 5.000 eta 10.000 metrotan. Emakumeetan, F.C.Barcelona taldean dabilen June Arbeo durangarrak ere parte hartuko du. 

Euskadiko klubentzat ere hutsik egin ezineko hitzordua da. Izan ere, Zornotzan erabakiko dira Espainiako txapelketara sailkatuko diren klub euskaldunak. 

Euskadiko kros ligaren barruan

Zornotzako krosa Euskadiko kros ligaren barruan dago. Liga hau iaz sortu zuten, beheraka doan kirolari aupada bat emateko. Bi alderdi indartu gura zituzten: parte hartzea eta Euskadiko lasterketan arteko koordinazioa.Momentuz, bere funtzioa betetzen ari dela uste du Juanjo Anderezek, Zornotzako krosa antolatzen duen C.D.Zornotza-ko kideak. "Alde batetik parte hartzaileen kopuruak gorantz egin duela uste dut. Bestetik, liga honekin kros egutegi bat finkatu nahi zen. Lehen askotan gertatzen zen Bizkaian kros proba bat egotea eta egun berean beste bat Gipuzkoan. Hori behintzat hobetu dugu eta horretarako bakarrik bada ere, liga sortzea onerako izan da", adierazi du gaurko aurkezpenean.

Falta direnak, gogoan

Azkenik, kroseko aurkezpenean aurten hil diren hiru atleta gogoratu dituzte, hirurak Zornotzan aritutakoak: Mariano Harok zazpi bider irabazi zuen Zornotzako krosa, 1964 eta 1977 bitartean; Carmen Valero hirugarren izan zen 1987ko krosean eta Rebecca Cheptegei bigarren sailkatu zen 2014ko aldian.

ORDUTEGIA - URRIAK 20, DOMEKA

  • 09:40 14 eta 16 urtez azpiko neskak. Distantzia: 2.700 metro.
  • 09:55 14 eta 16 urtez azpiko mutilak. Distantzia: 2.700 metro.
  • 10:10 12 urtez azpiko neskak. Distantzia: 1.550 metro.
  • 10:20 12 urtez azpiko mutilak. Distantzia: 1.550 metro.
  • 10:30 18 eta 20 urtez azpiko emakumeak. Distantzia. 4.700 metro.
  • 11:00 18 eta 20 urtez azpiko gizonak. Distantzia: 4.700 metro.
  • 11:25 Proba paralinpikoa. Distantzia: 1.970 metro.
  • 11:40 Herri lasterketa. Distantzia: 4.700 metro.
  • 12:15 Emakumeen maila absolutua. Distantzia: 8.700 metro.
  • 13:00 Gizonen maila absolutua. Distantzia: 8.700 metro.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!