Zornotza mangaren topagune izango da

Aritz Maldonado 2024ko urr. 10a, 12:38

Manga, anime eta cosplay uztartzen dituen Mangamore jaialdiak hamazortzigarren edizioa beteko du aurten. Japoniatik bertatik etorritako hainbat artista batuko da Zornotzan; besteak beste, Kanon Wakeshima txelo-jotzailea eta Yui Kanan DJa

Mangamore jaialdia adin nagusikoa izango da asteburutik aurrera. Izan ere, hamazortzigarren edizioa du aurten, eta jada erreferentziazkoa bihurtu da Durangaldetik kanpora ere. "Mangamorek milaka lagun erakartzen ditu Zornotzara, eta estatuan erreferentziazko topagune bihurtu da manga, anime eta cosplay zaleentzat", azaldu du Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak. Hain zuzen ere, Japoniako kulturak pisu handia izango du aurtengo edizioan ere. Besteak beste, Kanon Wakeshima txelo-jotzailea eta Yui Kanan DJa egongo dira Zornotzan. Biak japoniarrak dira; lehenengoa dark cabaret estiloan aditua da, eta Kananek zuzeneko bizia du. Kai Iden artista frantziarrak borobilduko du musika eskaintza, K-pop kontzertu bategaz. Japoniako ohitura eta tradizioek ere presentzia handia izango dute Taiko, Sumi-e, Kitsuke eta arte martzial ikuskizunekin. 

Nazioarteko artistek ez ezik, Zornotzakoek ere parte hartuko dute jaialdian. Horrela, Zornotza Musika Bandak kontzertua emango du, Ukabidea karate taldeak karate erakustaldia egingo du, eta Kon-Gwe taldeak taekwondo erakustaldia. Bestalde, Erika in blue, Lazos Mikami, Ash eta SHXRO7 tokiko sortzaileek Artist Alley txokoa izango dute. Hain zuzen ere, bertako kideetariko bik parte hartu dute aurkezpenean, The Witched telesaileko protagonisten modura jantzita; ia hamar urte daramatzate topagunean parte hartzen. "Guretzat data bereziak dira. Halako topaguneekin alderatuta, Zornotzakoa etxekoagoa da, eta ezagun asko batzen gara bertan. Funtsean, Euskal Herriko komunitate osoa batzen gara, eta inguruko erkidegoetatik ere etortzen da jendea", azaldu dute. Koldo Bilbao zinegotziak manga zaleak ez direnak ere animatu gura izan ditu. Egitarau osoa www.mangamore.eus webgunean dago.

Zelaieta ikasgela, itxita
Mangamore ekitaldiaren ospakizuna dela eta, Zelaieta ikasgela itxita egongo da asteburu osoan. Baina Konbenio ikasgela erabilgarri egongo da, betiko ordutegian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!